Munto baserriari agur esateko unea iritsi zaio. Makinak Aieten dira, eraiste lanak egiten. Auzotarrek eskatu bezala,eraikinaren zati bat bota gabe utziko dute, leku horretan baserri historikoa zutik izan zela gogoratzeko. Udalak jakinarazitakoaren arabera, eraikinaren fatxada utziko dute.
Behin eraitsita, Aiete pasealekuan, Gurutzeaga elizaren ondoan, Aieteko jauregitik gertu, Munto baserria zegoela esango dute auzotarrek; XVIII. mendeko baserriak urteetako historia gorde du bere pareten artean, eta inguru horretan zeuden 30 bat baserrietatik zutik mantendu den bakarra izan da, gaur arte. Etxe handi eta zabala zen, antzinakoa, garai batean sendoa izandakoa, baina, egun, egoera tamalgarrian eta erortzeko zorian zegoen. Garai batean inguruan zituen baserrien tokian etxe berriak daude.
Munto komentua izan omen zen; eta geroago, ospitalea; ondoren, sagardotegia; baita sagardotegia eta taberna batera ere. Gainera, ospe handia omen zuen Muntoko sagardoak.
Aritz Sorzabal
(Argazkiak: Nagore Koch)
Auzo orok behar ditu bere gune ikonikoak erreferentzia eta elkargune gisa. Aiete auzo erresidentzial izaki baditu bere kirol eta berde guneak. Baina ondare historikorik apenas, eta munto izan zitekeen nortasun historiko horren erreferentzia nagusia. Agian erreabilitazioa garestia izan zitekeen, ez dakit, baina hori da etorkizuneko arkitektura, ez dago gauza berriak eraikitzearen beharrik baizik eta dagoena berziklatzea.