Entrevista realizada en el año 2007
Aieteko Munto baserriko dolarea Katxolan jartzeko lanean dabil
Manu Izagirre Aldundiko Ondare Saileko kidea
Lantxabe Auzo Elkartea, Aldundiko Ondare Saileko kide Manu Izagirre, Munto baserriko dolarea erabiliz sagardoa egin ahal izateko Katxola baserrian. Egitasmoaz hitz egin du Manu Izagirrek. Donostiarra da Izagirre, «Lugaritzen jaioa», dio berak. Munto sagardotegia eta askaldegia izan zen garai batean eta Izagirre bertan egona da.
Nola sortu zen dolarea lekuz aldatzeko ideia?
Zehazki, Katxola baserrian dago gai honen jatorria. Lantxabe Auzo Elkartekoek Foru Aldundira jo zuten Katxola biziberritu nahi zutelako. Haiekin joan nintzen egun batean Katxolara eta dolarearekin zeuden kezkatuta; pixka bat utzita dago dolarearen egitura baino ez da geratzen; barrutik hutsik dago eta beraz, ezin da erabili. Auzo elkarteak dolarea zaharberritzeko diru laguntza eskatu zuen eta diru laguntza justifikatzeko proiektua egin behar zuten. Proiektua egiten ari ziren unean Muntoko jabeek baserria saldu zuten eta dardarka hasi ginen, Muntok oso objektu interesgarriak dituelako. Hori ikusita, erabaki genuen bi gaiak, Munto eta Katxola, lotzea, eta Muntoko dolarea Katxolara eramatea.
Nola lortu zenuten Muntoko dolarea baserritik ateratzea?
Diru aldetik, ez zen batere garestia izan, baserriko jabeek dolarea bera eman zigutelako, eta tresneriaren leku aldaketa Udalak hartu zuen bere gain, eta lokala utzi zuen gauzak sartzeko. Ilusio handia egiten dit proiektuak; Muntoren bihotza, barrukia, bizitzaren parte bat berreskuratuko da, ikusiko da eta gainera, Katxolako dolarea osatuko du. Donostiako industriaurreko bat ekarriko du gogora; sagardoa ekoitzi eta saltzen zutenena.
2007ko iraila. Data hori aipatu da Katxolan sagardoa egiteko. Ez al da azkarregi?
Teknikoki posible da, baina ez dakit auzo elkarteak nahikoa baliabide ekonomiko izango dituen data horretara iritsi ahal izateko.
Auzo elkarteak ordaindu beharko al ditu lanak? Aldundiak diruz lagunduko al du egitasmoa?
Auzo elkarteak saiatu behar du ahalik eta erakunde gehienek proiektua babes dezaten; Aldundiak, Udalak eta Jaurlaritzak parte hartzen badute, askoz hobe. Batek laguntzen badu, zaila egingo zaie besteei ezetz esatea. Dena dela, horrek ez du esan nahi beste inoren babesa lortu ezean Aldundiak diru laguntza ukatuko dienik.
Zer zailtasun izango dituzue Muntoko dolarea Katxolan jartzeko orduan?
Katxolako dolarea zaila da erabiltzen. Zorua zurezkoa da, oso zaharra da eta ez die likidoei eusten. Hala ere, ez gara jatorrizko zorua aldatzearen aldekoak. Olana iragazgaitza jarriko dugu zoruaren gainean. Hartara, sagardo denboraldia bukatuta, berriz ere jatorrizko egurra bistan geratuko litzateke. Argi utzi behar da, bestalde, Katxola ez dela ohiko sagardotegi bihurtuko; funtzio didaktikoa izango du gehienbat.
Munto barruan egona zara. Nola dago baserria barrutik?
Pena handia sentitu nuen. Zimurrak ikusi nizkion, nolabait esateko. Konturatu nintzen bereak egin duela eta galdu egingo dela. Era berean gogora etortzen zaizu inguruko eta beste hainbat tokitako jende asko elkartu zela bertan.
Udalaren Bigarren Mailako Babesa du Muntok; kanpoko egitura errespetatu behar da, alegia. Baserriaren barrualdea, aldiz, ez dago babestua eta eralda daiteke.
Oso gai konplexua da. Adibidez, udalek eta Foru Aldundiak arauak elkarlanean egiten badituzte ere, batentzat eraikin jakin batzuk dira inportanteenak eta besteak, aldiz, beste zenbait eraikin ditu buruan. Gero arkitektoen lana dago, subjektiboa da hori ere. Horrekin guztiarekin batera, eraikina publiko edo pribatua den kontuan hartu behar da. Eraikina publikoa bada, askoz errazagoa da babestea. Munto historikoki eraikin interesgarria zen, baina ez zen eraikin singularra, kanpotik ikusita. Donostiako baserri asko dira Munto baino garrantzitsuagoak, bai artistikoki eta bai historikoki ere, eta ez dute inolako babesik. Gai zaila da.