Istripuez gain, hildakoen kopurua ere ia erdira jaitsi da; 9tik 4ra hain zuzen.
Azken urtean Donostian erregistratutako trafiko istripuen kopurua % 6 murriztu dela jakinarazi dute gaur. Gainera, biktimak eragin dituzten istripuak % 2,5 ere jaitsi dira. Datu hauek, hirian 2007az geroztik erregistratutako kopuru baxuenak jasotzen dituzte. Hain zuzen ere, iaz 1.886 istripu gertatu ziren; 2011ean, 2005.
Jakinarazi dutenez, 2012an lau pertsona hil ziren, baina kopuru hori 2011koa –bederatzi– baino txikiagoa da eta horren aurreko urteetakoak baino askoz ere txikiagoa. Esaterako, 2003an, 13 pertsona hil ziren.
Hildako pertsonetako bat oinezkoa zen. 2011n, 4 hildako, 12 larri zauritu eta 115 arin erregistratu zituzten; iaz, berriz, 8 larri zauritu eta 110 arin. Beraz, istripu mota honek eragindako pertsona kopurua jaitsi egin da.
Zauritu arinak
Biktimak eragin dituzten istripuei dagokienez –831–, guztira, 43 pertsona larri zauritu dituzte, eta 931 arin. Kopuru hori ere jaitsi egin da 2011rekin alderatuta; urte hartan, 59 larri zauritu eta 985 arin izan ziren, guztira izan ziren 850 istriputan.
Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Jon Albizuk adierazi duenez, neurri batean, ibilgailuen trafikoa gutxitu delako jaitsi da istripu kopurua: “Oso positiboa da istripuen kopurua jaisten joatea, desiragarriena bat ere ez izatea bada ere. Gobernu honek ildo horretan lan egiten jarraituko du, Donostia oinezkoen eta bizikleten hiria izatearen aldeko apustua eginez, baita espazio atseginak eratzen jarraitzearen alde ere, horretarako oinezkoentzako eremu gehiago, bidegorri gehiago eta 30 eremu gehiago sortuta”.
Irutxuloko Hitza