Donostia ia erabat suntsitu zuteneko bigarren mendeurrena beteko da laster, 2013. urtean. Sarritan entzun eta irakurri dugu garai latz hartan Donostia ausardiaren, irmotasunaren eta bizirauteko borondatearen eredu bilakatu zela hiria lehenbailehen berreraikitzeko plangintzetan. Baina, irakurri berri dugun lan interesgarri batek azaltzen duenez, garai hartako jauntxo eta etxejabe askok ezbehar izugarri hura etekin lotsagarriak lortzeko baliatu zuten. Donostia berreraikitzeko unean horrenbestekoak izan ziren gertatutako gehiegikeriak non udaletxea, bost urte luzez, etxejabeen eta esplotatutako donostiarren arteko borroka eremu bilakatu zen, eta hiriaren berreraikitzea bera atzeratu egin zen.