Munto eroriaren lurretan zerbait egiteko ideia aurkezteko gonbita ikusi dut, eta lerro gutxi batzuetan aukera bat aipatu nahi nuke.
Oso ideia xumea da eta, ziurrenik, beste batzuek ere proposatuko zuten horrelako zerbait.
Egiten dena egiten dela, bizi ditugun garaiak kontuan izanik, inbertsio handirik eskatzen ez duen zerbait izan beharko duela iruditzen zait.
Iruditzen zait denon burutan egongo dela egiten denaren emaitza orain arte zegoenaren oroigarri den zerbait izatea.
Ez daukat prestakuntza eta baliabide nahikorik nire ideiak proiektu marrazki egoki baten bidez azaltzeko, baina aipatzen dudana ulertzeko ez dut uste horrelakorik behar denik.
Aipatu ditudanak kontuan izanik, behar den txukunketa eta sendotze lanarekin, une honetan erori gabe dauden hormei eutsi behar zaiela iruditzen zait. Batez ere, sarrera zeneko eskailera eta atearen fatxadari. Hortik ibili eta sartzeko aukera emateko moduan sendotu beharko litzateke eskailera etab. Igo eta sartzerakoan, beste eskailera batzuek edo pasabidea bat jarri beharko lirateke, beste aldera igarotzeko.
Beste alde hori, estalperik gabe dagoena, antzinako sagardotegiaren kanpoko aldea balitz bezala egituratzea izan daiteke egokia, horrelako lekuetan egoten ziren harrizko mahai eta aisialdi guneekin. Aisialdi gune bezala, oso interesgarria litzateke toka jokorako gune bat egotea eta beste bat bolatokia izan zitekeena. Honelako bi gune baliagarri izan daitezke garai bateko bi kirol eta gizarte bilguneren oroigarri modura; gaur egun, indar gutxiagorekin bada ere, oraindik bizirik daudenak.
Auzoko jaietan gune hori oso garrantzitsua izan daiteke, bertan bi joko horien txapelketak antolatzeko (garai batean Aieteko Matxain izen handiko toka jokalaria izan zen, eta haren omenez ere antola daitezke honelako txapelketak).
Toka eta bolatoki horiek, txapelketetan erabiltzeaz gainera, urtean zehar ere nornahik erabiltzeko moduan egon daitezke (toka burniak, une berezietan izan ezik, goma sendo batez estalia egon beharko luke, auzokideentzat zarata gogaikarri ez bihurtzeko). Aztertu beharko litzateke nola jarri tokako fitxak eta bolatokiko birlak edo txirloak (zutikako zurezko piezak) eta boloa, horiek galdu edo nornahik, jokabide okerrez, desagerraraztea saihesteko edo zailtzeko. Uste dut modu batzuk aurki daitezkeela.
Beno, nire ideia ulertzeko nahikoa izan daitekeelakoan, eta zerbait galdetu nahi izanez gero posta elektroniko honen bidez harremanetan jar zaitezketelakoan, besterik gabe har ezazue nire agurrik eta eskerrik beroena honelako ekimenak bultzatzen eta kudeatzen saiatzen ari zareten guztiok.
Ondo izan, eta nahi duzuen arte.
Joseba.