Antton Olariagak bete du ‘Ilustratzailearen Txokoa’

Antton Olariaga, Ilustratzailearen Txokoan. (Argazkia: E. Zabala)
Antton Olariaga, Ilustratzailearen Txokoan. (Argazkia: E. Zabala)

Antton Olariaga usurbildarrak berea egin du Ilustratzailearen Txokoa. Aieteko kultur etxean jarri duten erakusketa txiki bat da, eta bertan, ilustratzailearen hainbat lan, jatorrizko marrazkiak, marrazteko erabiltzen dituen margoak eta zirriborroak ikus daitezke, besteak beste, armairu eta kaxa moduko batzuetan. Gainera, Olariaga berari Joxerra Gartziak egindako elkarrizketa bat ere ikusgai dago txokoan bertan, ikus-entzunezko batean jasota.

Ilustratzailea, komikigilea, diseinatzailea eta kartelgilea da Olariaga, eta Udako Euskal Unibertsitatean Diseinu irakaslea ere izan da. Gainera, lan ugari egin ditu euskal prentsarako eta aspaldiko urteetan Zakilixut komiki tira egiten du Berria egunkariaren azken orrirako, egunero-egunero. “Kazetari ez izatea izan da nire borroka, baina medioaren esklabu zara, berak ordaintzen dizulako egindako lana”, aipatu du gaurko aurkezpenean Olariagak. Azken batean, irakurle zorrotza da usurbildarra eta gaurkotasunari buruzko hausnarketa sakonak egiten ditu.

Galtzagorri elkarteak eta Donostia Kulturak 2012an elkarrekin osatutako proiektua da Ilustratzailearen Txokoa. Orain artea Iban Barrenetxea, Eider Eibar eta Elena Odriozola igaro dira txokotik, eta orain, Olariagaren txanda iritsi da. Azken batean, ilustratzaileen lanean sakondu eta euren lanaren berri ematea da erakusketaren asmoa.

Gaurtik abenduaren 15a arte egongo da zabalik erakusketa.

Estitxu Zabala on 2013/09/17

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio