Koldo Mitxelena kulturunearen 20. urtemuga ospatuko dute

koldoLiburutegia ireki zutela bi hamarkada beteko dira bihar, eta etorkizunerako erronken berri eman dute arduradunek; gainera, ospakizunarekin bat eginez hainbat jarduera berezi antolatu dituzte.

Koldo Mitxelena Kulturuneak 20 urte beteko ditu bihar. Izan ere, 1993ko azaroaren 5ean ireki zituen ateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren kulturune eta liburutegiak. Erabiltzaileak ikasten aritzeko eta kultura eta artearen erreferentzia eta dinamizazio puntu izateko jaio zen, eta 20 urteren bueltan helburua lortu duela uste dute bertako arduradunek. Hogeigarren urteurrena dela eta, prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, eta urtemugarekin bat eginez aste honetan egongo diren jardueren berri eman dute, dantza, musika, poesia zein antzerkiarekin lotutako ikuskizunak eskainiko baitituzte, doan guztiak.

Aldundiko Ikerne Badiolaren esanetan, berritzen joateko erronka beregain hartu du kulturuneak, “gero eta aldakorragoa den errealitatera egokitzen joateko”. 1993tik, liburuek, koadroek, eskulturek, bideoek, arte instalakuntzek, pelikulek, hitzaldiek eta mahai inguruek osatzen dute Koldo Mitxelenaren eguneroko jarduera. Hala, “Isilean jende askok egindako lanari esker Gipuzkoako erreferente bihurtu da eta Euskal Herriko liburutegi garrantzitsuenetakoa da”, nabarmendu du Badiolak. Hala, kulturunea bultzatu zuten Imanol Murua eta Xabier Lete goraipatu ditu. Edonola, erabiltzaileen eta sortzaileen aportazioa nabarmendu dute prentsaurrekoan bereziki.

Etorkizunari begira, hiru egitasmo zerrendaratu ditu Badiolak. Batetik, Koldo Mitxelena Kulturunea Euskal Herriko komikigintzan erreferentzia gune bilakatzea, Gasca funtsaren erosketarekin irekitako bidea jarraituz. Hala, bilduma hori gizarteratzeko espazio bat sortzeko asmoa dute liburutegian, eta gaur egun funts hori gordetzen den Errege Katolikoak kaleko lokalean aurkezpenak egiteko asmoa dute. Bigarrenik, liburutegiaren funtzioak, zerbitzuak, baliabideak eta funtsak migrazioa, aniztasuna eta berdintasunaren ikuspuntutik landu nahi dituzte. Hirugarrenik, digitalizazioaren alorrean irizpideak bateratu nahi dituzte eta Euskal Herriko liburutegien eduki digitalizatuak bateratu. Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegiaren kasuan, gainera, dagoeneko akordioa sinatuta dute Europako liburutegian funts digitalizatuen errepositoriarekin, eta 2014an liburutegiko funtsak Europenan egongo dira ikusgai.

Gainontzean, ospakizunarekin bat eginez, hainbat jarduera egongo dira esan bezala, bihartik aurrera. Gainera, erakustareto bat jarri dute kulturunearen ondoan, eta bertan, ikusgai egongo dira hogei urte hauetan egindako erakusketa guztien katalogoak eta bideoak (egitaraua behean). Jolas bat ere abian jarri dute, Liburu bat istorio bat izenburupean. Hala, herritarrei deia egin diete gehien hunkitu duten liburuaren azalari argazki bat ateratzeko. Twitter bidez partekatu daitezke argazkiak #liburubatistoriobat hashtaga erabiliz; edo posta elektronikoz bidali daitezke liburubatistoriobat@gmail.com helbidera.

Estitxu Zabala

DATOZEN EGUNETAKO EGITARAUA:

Azaroak 5

17:30 Dantzaz konpainiaren Ni espioi ikuskizuna, kulturunearen aurrean.

Azaroak 6

17:30 Kukai konpainiaren Gelajauziak ikuskizuna, kulturunearen aurrean.

19:30 Antton Valverde eta Anjel Lertxundiren musika eta poesia errezitaldia, Hiru L-ak (Lizardi, Lauaxeta, Lete); kulturunearen areto nagusian.

Azaroak 7

18:30 Ados teatroaren Xuxurlariak (euskaraz eta gaztelaniaz); kulturunearen aurrean.

19:30 Musika eta poesia errezitaldia. Partaideak: Patxi Santamaria eta Napoka Iria. Felipe Juaristik prestatutako antologia. (euskaraz). Kulturuneko areto nagusian.

Azaroak 12

19:30 Musika eta poesia errezitaldia. Partaideak: Teresa Calo, Rafa Berrio eta Ainara Legardon. Jon Obesok prestatutako antologia (gaztelaniaz). Kulturuneko areto Nagusian.

Azaroak 13

19:30, erakustaretoan:

– Itziar Okarizen performancea, Virginia Wolfen Gela bat norberarena. (euskaraz)

– Asier Zabaletaren dantza emanaldia, Joan zaretenei adio.

KOLDO MITXELENA KULTURUNEAREN DATU ESANGURATSUAK:

85.000 bazkide baino gehiago ditu liburutegiak.

Erabiltzaile guztien artean, 2 milioi liburu baino gehiago irakurri dituzte 500.000 diska entzun eta beste hainbeste filma ikusi dituzte.

200 erakusketa jaso ditu kulturuneak.

Urtero 100dik gora dira bertan antolatu dituzten kultur ekitaldiak.

Liburutegiak 350.000 agiri baino gehiago ditu.

13.800 agiri daude on line eskuratzeko moduan, hau da, 2.306.000 orrialde.

20 urte hauetan 84.000 bazkide txartel egin dituzte eta 12 milioi sarrera irten kontabilizatu dituzte.

Gehien mailegatu den liburua Michael Conellyren Luz perdida  izan da (112 aldiz), eta euskarazkoetan, Karmele Jaioren Amaren eskuak izan da mailegatuena (76 aldiz).

Diskorik mailegatuena, berriz, Mikel Laboaren 60ak+2 izan da (101 aldiz).

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio