Donostian egin zen bart sari banaketa ekitaldia, EHUren Gipuzkoako Campuseko Karlos Santamaria Zentroan, ekitaldiaren buru Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua zirela, saritu guztien parte hartzearekin. Aurkeztutako lanen maila altua azpimarratu nahi izan du epaimahaiak. Bai irabazleenak, eta baita bidean geratu diren obrena ere. Hiru sortzaile donostiarrek jaso zuten saria: Ramon Saizarbitoriak (Martutene eleberriarengatik), Iban Zalduak (Ese idioma raro y poderoso saiakeragatik) eta Elena Odriozolak (Trapecista liburuan egindako ilustrazioengatik).
“Liburu hau borondate onez idatzia da, irakurle”. Michel de Montaignek Essays obraren hasieran ezarritako aipu hori gogora ekarriz hasi zuen Ramon Saizarbitoriak bere hitzaldia. Berea egin baitu Martutene eleberrian. “Martutene ez da nobela politiko bat”, jarraitu zuen Saizarbitoriak, “baina pertsonaiak errealitate politiko batean bizi dira, politika bizi dute eta hausnarketa politikoak egiten dituzte”. Irudipena du ideologia oso desberdinetako irakurleek errespetuz onartu dutela bere azken eleberria: “Martutene-k politikoki duen borondate ona agerian dagoelako akaso”. Esperantza piztu diola ere aitortu zuen: “Gogoa nuen esateko, esperantza piztu baitit gure historia gertukoaren kontakizuna adostuko dugun eguna ez dagoela hain urrun. Esan dezadan bide batez sinetsita nagoela euskal narratibak paper garrantzitsua jokatu behar duela eginkizun horretan”.
Saria eman diotenei ez ezik, euskal idazleei, argitaletxeei, literatur kritikariei eta irakurleei ere eman zizkien eskerrak Saizarbitoriak. Koldo Izagirre idazlearen laguntzarik gabe Martutene alderdi askotatik “pobreagoa” izango litzatekeela esan zuen, eta bereziki eskertu zuen bere laguntza. Neurri handi batean, kritikarentzat idazten duela aitortu zuen Saizarbitoriak, eta hari ere eskerrak eman zizkion: “Bere konplizitatea eta laguntza behar dut. Kritikak gure lana aztertzerakoan birsortu egiten du. Premiazkoa da literaturarentzat, irakurleekin bitartekaritza egiteko. Kontsumo errezkoak ez diren lanak sostengatzeko”.
Elena Odriozolak, Ilustrazio arloko Euskadi sariaren irabazleak, Jorge Gonzalvo idazlearen Tropecista ipuinean egindako lana azaldu zuen: “Paper zuriko geruzak bata bestearen gainean jarriz egin nuen”. Lana teknika hori erabiliz egingo zuela erabaki ondoren, ilustrazio bakoitzean ahalik eta geruza gutxien erabiltzea erabaki zuen: “Absurdoa dirudi, baina agian konplikatzea da bizitza errazteko bide bakarra”, esan zuen, eta bizitzan dugun eginkizunarekin konparatu zuen: “Geruzak kentzeko gaudela uste dut, zaila izan arren. Eta nik liburu honetan batzuk kentzea lortu nuen”.
Iban Zalduak gaztelaniazko saiakera arloko sariaren irabazleak Juan Forn idazle argentinarrak idazle izateaz egindako definizioarekin hasi zuen bere hitzaldia: “Morroi bat, festa batean horrenbeste dibertitzen dena ezen festa horretatik alde egiten baitu, zer eta festari buruz idazteko. Definizio honen ildotik joanez gero ondorioztatu beharko litzateke literaturaz hausnartzen duenaren izaera are tristeagoa litzatekeela oraindik. Etxetik atera gabe ere, festari buruz kontatzen dizkiotenak leitu eta horietaz idazteko besaulkitik idaz mahairako bidea baino ez duena egiten”.
Ese idioma raro y poderoso mota horretako liburua dela azaldu zuen: “Ez da euskarararen inguruko liburu bat, ezta nik idazle gisa izan dudan esperientziaren kontakizuna ere. Nire biografiak, nire adiskideek eta Obamak ondo dakiten bezala, ez du batere interesik. Baizik eta, aitzakia horietatik abiatuta, euskal literatura garaikidearen inguruko gogoeta bat, euskaraz ez dakitenei zuzenduta. Eta gogoeta hori deskriptiboa izateaz gain, kritikoa nahi nuen, neurri batean behintzat”. Liburuaren hiru zutabeak umorea kritika eta dantza direla adierazi zuen eta jarraitu zuen “kultura honetan kritika egiterik ez badago ez da nire kultura. Eta are gehiago, kritika umore pixka batez egiterik ez badago ez da nire kritika”.
Bere liburuak bi albiste nagusi dakartzala komentatu zuen, bata ona eta bestea txarra: ona da inoizko literaturarik onena egiten ari dela gaur egun euskaraz; bigarrena, hori lortu dela justu literaturak lehen izandako prestigioa hondoa jo duenean. Horren aurrean zer egin? Zalduak argi utzi zuen: “Idazten jarraitu eta irakurtzen jarraitu. Eta kritika egiten jarraitu. Eta dantzan jarraitu, ahal dugun bitartean behintzat”.
Nerea Lizarralde 2013/11/20