2015erako ez badute ikastetxe berria egiten egungo ikastetxeak ezingo dio zerbitzuari eutsi espazio faltagatik eta ikasle batzuk lekurik gabe geratuko dira.
Aieten ikastetxe publiko bakarra dago: Aiete Ikastetxea. Azkaratenen dago, eta 2006an ireki zuten bederatzi ikaslerekin. Gaur egun 110 ikasle dituzte. Hasiera hasieratik behin-behinekoa izan da Azkarateneko eraikina; ikastetxe berri bat eraiki arte abian jarritakoa.
Hezkuntza eredu berritzailearen aldeko apustua egin dute Aiete Ikastetxean, “kalitatezko hezkuntza publikoaren aldekoa”, Miren Aranburu ikastetxeko zuzendariak azpimarratu duenez. Behin-behineko ikastetxea izanda ere, ikasle kopurua, hezkuntza eredua eta gurasoen konfiantza errotuz joan dira Aiete Ikastetxean, etorkizuneko eraikin berriaren itxaropenez.
Ikasle kopurua handitu ahala hiru modulu jarri dituzte kanpoaldean haurrak sartu ahal izateko, baina Aiete Ikastetxeko baldintzak ez direla duinak salatu dute. “Ez daukagu liburutegirik, ez daukagu gimnasiorik eta jolastoki txiki batean ibili behar izaten dute haur guztiek; eraikineko txoko guztiak ahalik eta hobekien bete ditugu, baina eraikina txiki geratu zaigu”, azaldu du Miren Aranburuk. Gainera, ez daukate modulu gehiago jartzeko aukerarik, beraz ikastetxe berri baten beharra “ezinbestekoa” dela esan dute eskariari duintasunez erantzun nahi badiete.
Aietek ikastetxe publiko bat behar duela aldarrikatuz, auzoko gurasoak, irakasleak, Lantxabe auzotarren elkarteko kideak, Gazte Biltzarreko kideak eta beste hainbat auzotar ere elkarrekin agertu dira prentsaurrean. Naiara Sampedro, Hezkuntza zinegotzia eta Rikardo Burutaran, Hirigintza zinegotzia izan dira eurekin, eta “erabateko babesa” erakutsi diete udal gobernuaren izenean. Sampedrok onartu du beraien esku dauden erabaki eta izapide guztiak ahalik eta azkarren egin dituztela, Aieten ikastetxe baten beharra begi bistakoa dela onartuz. Eta aurtengo ekainaz geroztik ikastetxe berria eraikitzen hasteko trabarik ez dagoela argitu du Rikardo Burutaranek.
Eusko Jaurlaritzaren erabakia
Guztiak “kezkatuta” agertu dira Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan ez delako Aieteko Ikastetxe berria egiteko asmorik azaltzen. Sampedrok adierazi duenez, “harrigarria da Eusko Jaurlaritzaren jarrera, udalarekin Haur Eskolen protokoloa sinatu berri duenean”. Guraso elkarteko kideek berriz, maiatzean Jaurlaritzako ordezkariekin egin zuten bilera ekarri dute gogora. “Bilera hartan Aieteko Ikastetxea lehentasunezko proiektua zela esan ziguten eta erabakiak ez zeukala atzera bueltarik; gezurra esan ziguten eta gure seme-alaben hezkuntza eskubideekin jolasean ari direla uste dugu”, esan du Arantza Zubeldiak gurasoen izenean.
Felix Perez, Lantxabe elkarteko kideak 5’6 milioiko diru kopurua aipatu du, horixe baita hasiera batean Eusko Jaurlaritzak Aieteko Ikastetxea egiteko erabiliko zuena. Krisia aitzakia bat dela uste dute, eta “borondate politikoarekin” aurrera atera daitekeen egitasmo bat dela sinetsi nahi dute. “Eusko Jaurlaritzak bere erabakian atzera egingo duenaren itxaropena dugu, urtetan eskatu dugun zerbitzua delako, eta sekula ez dugulako ezetzik jaso. Baina egitasmoa gehiegi luzatzen ari da, eta beharrak berehalako pausuak eskatzen ditu”, esan du Arantza Zubeldiak.
Guztiek batera egin diete eskaera Gasteizko Gobernuari. Abenduaren 19an bilduko dira berriro Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin, eta itxaropentsu daude; 2014. urte hasieran garabiak jarrita ikusi nahiko lituzkete.
Bitartean, Aiete Ikastetxearen beharra aldarrikatuz sinadura bilketa bat jarri dute abian Change.org plataformaren bitartez. 800 sinaduratik gora jaso dituzte dagoeneko. Bestalde, abenduaren 20rako protesta eguna antolatu dute. Festa giroan egingo dute, baina beraien aldarrikapenak zabalduz.
Agurtzane Altuna on 2013/12/11
Aieteko irakasle, guraso eta auzotarrak elkarrekin, ikastetxe berria eskatzeko. (Argazkia: Agurtzane Altuna)