Ezkerreko eskua, pilota airera botatzeko baliatzen duena, tatuatuta dauka Wawrinka tenislariak teniseko tanto baten erritmoa duen Samuel Becketten esaldi batekin: “Beti saiatuz. Beti porrot eginez. Ez dio axola. Saiatu berriro. Porrot egin berriro. Porrot egin hobeto”. Egunen batean txapeldun izateko egin zuen Wawrinkak tatuajea. Txapeldun berria da. Ezker eskua jasotzen duenean pilota airera bota eta saka egiteko, Sisifo ikusten dut nik tatuajean, harri tzar bat mendian gora garraiatzen zuen heroi zahar hura.Harria, ordea, gailurretik behera erortzen da, eta Sisifok harriaren bila jaitsi eta berriro mendian gora egitea du kondena. Wawrinkak tenisa abandonatzen duenean ere, tatuajea besoan izango du. Bizitzaren zurrunbilo guztietan, beti han. Saiatu. Porrot egin. Saiatu. Porrot egin hobeto.
Inon egotekotan, esaldiko azken hobeto horretan dago hainbeste saio eta porroten ereinotza, bizitzak eman dezakeen poz nagusia.