“Liburu hau borondate onez idatzia da, irakurle”. Michel de Montaignek Essays obraren hasieran ezarritako aipu hori gogora ekarriz hasi zuen Ramon Saizarbitoriak bere hitzaldia. Berea egin baitu Martutene eleberrian. “Martutene ez da nobela politiko bat”, jarraitu zuen Saizarbitoriak, “baina pertsonaiak errealitate politiko batean bizi dira, politika bizi dute eta hausnarketa politikoak egiten dituzte”. Irudipena du ideologia oso desberdinetako irakurleek errespetuz onartu dutela bere azken eleberria: “Martutene-k politikoki duen borondate ona agerian dagoelako akaso”. Esperantza piztu diola ere aitortu zuen: “Gogoa nuen esateko, esperantza piztu baitit gure historia gertukoaren kontakizuna adostuko dugun eguna ez dagoela hain urrun. Esan dezadan bide batez sinetsita nagoela euskal narratibak paper garrantzitsua jokatu behar duela eginkizun horretan”.
Saria eman diotenei ez ezik, euskal idazleei, argitaletxeei, literatur kritikariei eta irakurleei ere eman zizkien eskerrak Saizarbitoriak. Koldo Izagirre idazlearen laguntzarik gabe Martutene alderdi askotatik “pobreagoa” izango litzatekeela esan zuen, eta bereziki eskertu zuen bere laguntza. Neurri handi batean, kritikarentzat idazten duela aitortu zuen Saizarbitoriak, eta hari ere eskerrak eman zizkion: “Bere konplizitatea eta laguntza behar dut. Kritikak gure lana aztertzerakoan birsortu egiten du. Premiazkoa da literaturarentzat, irakurleekin bitartekaritza egiteko. Kontsumo errezkoak ez diren lanak sostengatzeko”.