Hilabeteko hirugarren larunbatean Kantu Jira egin ohi dute Parte Zaharrean. Bada, gaur, hilabeteko hirugarren igande guztietan bezala, dantza egin dute Bulebarrean. Hain zuzen ere, irailetik ekaina bitartean, eguerdian finkatu ohi du hitzordua Herridantza dantza taldeak, herritar guztiek batera muxikoak eta beste euskal dantzak dantzatu ditzaten. Bulebarreko kioskoan jarri dituzte bozgorailuak, eta kiosko aurreko gunean mugitu dituzte hankak bertaratutakoek. Adin eta maila guztietako jendea bildu da, dantzek ez baitute ez adinez, ezta mailez ulertzen.
Herridantzako kideek azaldu bezala, “urratsak bizirik mantentzeko eta ondo pasatzeko egiten dugu dantza. Hortaz, astero biltzen gara talde eta ordu desberdinetan dantza saioak egiteko. Hilabetean behin kalera irtetzen gara, dantza gogoa beste herritarrekin batera asetzeko asmoaz”. Udan zehar, ospakizun eta erromeria desberdinetan parte hartzen dute Herridantzakoek, eta jarduera honetan ere edonork har dezakje parte.
Aritz Sorzabal 2014/02/16