2013ko otsailaren 12ak Aieteren historian du tartea, egun horretan Munto eraitsi baitzuten. Bada, gaur, jendaurrean, XVI. mendeko baserri historikoaren lekuan eraikiko duten plazaren zirriborroa aurkeztu du udal gobernuak. Auzotarrek lepo bete dute Aieteko Topaguneko Pagoa aretoa, baserria oso presente dutela erakutsiz. Horren jakitun, udalak aietearrek eurek egindako ekarpenak jaso eta proposamen bat osatu du, gaur aurkeztutakoa. Zirriborroa Lantxabe auzo elkarteak deitutako ideien lehiaketara aurkeztutako lanetan oinarritu egin da.
Emaitza auzora ekarri dute, azken ekarpenak jasotzeko helburuarekin. Udal ordezkariek esandakoarekin, eta bizilagunek bileran egindako proposamen berriekin, proiektua biribildu egin dute. Hurrengo pausuak, beti ere udal taldeekin akordioa egonez gero, proiektua idaztea eta esleitzea izango dira, lanak urria edo azaroan hasi ahal izateko. Halaxe iragarri du Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsorok. Berarekin batera, Partaidetza zinegotzi Axier Jakak eta Imanol Iturria arkitektoak hartu dute hitza, Lantxabe auzo elkarteko ordezkari Felix Perezekin batera.
Plazaren ezaugarriak zeintzuk izango diren banan-bana azaldu dituzte bileran. Galparsorok nabarmendu du baserriaren oroitzapena betirako geratzea, plaza auzoan integratzea eta inguruko mugimenduak erraztea izango direla proiektuaren ardatzak. Iturriak, bere aldetik, plazaren egituraren berri eman du. Arkitektoak jakitera eman duenaren arabera, Muntok zuen oin planta mantenduko dute, eta eraitsi gabe utzitako eskaileren eta atariaren bitartez, bertan egokituko duten eszenatokira igotzeko aukera egongo da. Eszenatokiak 40 metro koadro izango ditu, eta, aurrean, plazan lasai egoteko espazio bat ahalbidetuko dute, bankuekin. Ikuskizun bat eginez gero, ehun bat pertsonentzako lekua egongo litzateke eremu horretan.
Plaza berdegunez eta sagarrondoz inguratuta egongo da, Munto sagardotegi ohiari begi-keinua egiteko. Inguruan dabilen jendea plazatik igaro dadin dago pentsatuta, bidezidor bati esker, eta, kokalekuagatik, goizean eta eguerdian berotuko du eguzkiak espazioa. Egingo dituzten lanek Muntoren aztarnak errespetatuko dituzte. “Lanak egin ondoren, mundu guztiak identifikatu ahalko ditu espazio zaharrak eta berriak, horixe baita gure asmoa”, esplikatu du Iturriak.
Arkitektoak oraindik zenbait berezitasun daudela zehazteko azpimarratu du, eta bilera horretarako deitu dutela azaldu du. Eszenatokiaren azpian, esaterako, espazio bat hutsik utzi du proposamenaren egileak, auzotarrek eurek erabaki dezaten gune horrekin zer egin. Ekarpenen txandan, Aiete Auzoko Ondarea elkarteko ordezkari Claudio Artesanok espazio horri eta beste batzuei zein erabilera eman proposatu du. Eszenatokiaren azpian, Munto zer zen erakusteko gune bat egokitzea aipatu du, kupelekin, taula informatiboekin eta baserriaren maketa batekin. Iturri publiko bat jartzea proposatu du, eta kupel itxurakoa izan daitekeela zehaztu du. Munto baserria bertan egon zela gogoratuko duen plaka bat jartzeaz gain, toka bat ezartzea proposatu du, Aietek emandako txapeldun handiak gogora ekartzeko; Matxain eta Olaizola, kasu. Mikel Laboa ere gogoan ekartzea garrantzitsua izan daitekeela adierazi du, abeslariak ordu asko pasatzen zituelako Aieten; kasu honetan, bere omenezko busto bat egitea aipatu du. Azkenik, plazaren inguruan dagoen zati bat berdegune ere bihurtzea proposatu du.
Udal gobernuko ordezkariek proposamen hauek guztiak jaso dituzte, behar bezala aztertzeko. Erakusketa gune bat egokitzearen ideiarekin bat egin du Galparsorok, eta plazak iturri publiko bat izango duela ziurtatu dute.
Lantxabe auzo elkarteko Felix Perezek ere hitz egin du, ideien lehiaketan parte hartu duten bizilagun guztiei eskerrak emateko. “Ziurta dezaket ideia guztiak kontutan hartu direla. Hori bai, aukeraketa egin behar izan dute, ideia batzuk ez baitziren bateragarriak elkarren artean”, esan du. Plazak Aietek herrigune bat izateko aukera eskaini dezakeela nabarmendu du. “Oriamenditik La Cumbre jauregira, Errondotik Jauregi kalera, Aiete handia da. Ea lortzen dugun herrigune bat izatea”, erantsi du
Aritz Sorzabal on 2014/04/02