Musika Hamabostaldiaren edizio berria aurkeztu dute gaur goizean Kursaalen. 75 urte betetzen dituen edizio honek 76 jarduera izango ditu, iaz baino hamabost gehiago; eta berriak diren horiek doan izango dira, “herritar guztiek musikaz gozatu dezaten”. Programa zabala da, eta abuztuan zehar ospatuko dute, 1etik 31 arte.
Ospakizun edizioak proposamen kopurua handitzeaz gain, jaialdia gune berrietara hedatuko da. Hasierako ekitaldian, abuztuak 1, hamazazpi ikuskizun musika izpiritua Egia, Aiete, Amara, Parte Zaharra, Gros eta Erdialdean zehar hedatuko dute. Kursaal Auditorioan lehen kontzertu sinfonikoa eskainiko dute Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalak, Donostiako Orfeoiak eta Orfeoi txikiak. Horren ostean, 22:30ean, inaugurazio eguna Xarxa Teatreren musika, argiak eta piroteknia uztartzen dituen ekoizpenarekin amaituko da. Donostiako auzoetara hedatzeaz gain, Musika Hamabostaldia Gipuzkoa, Nafarroa, bizkaia, Nafarroa Behera eta Arabako hainbat gunetara ere iritsiko da.
Aurreko edizioek orokorrean gai baten inguruan ziharduten, baina Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak aurtengo edizioak hiru zutabe izango dituela azaldu du, gaia alde batera utziz.
Hamabostaldiaren lehendabiziko urtetan egindako obrak berreskuratuko dituzte. Esate baterako, Schuberten Sinfonia burutu gabeak emango dio amaiera jaialdiari. 70. hamarkadan azken aldiz eman zuten G. Pucciniren La Boheme ere berreskuratuko dute. Bestalde, hasierako edizioetan oso present egon ziren bi genero nabarmenduko dituzte, barrokoa eta dantza bueltatuko dira. Izan ere, John Eliot Gardiner zuzendariak eta René Jabobs musikagile barrokoak kontzertuak eskainiko dituzte. Dantzari dagokienez, Victor Ullate dantzaria izango da protagonista.
Bigarrenik, publiko zabalari zuzendua egongo dela esan du Alfayak. Horregatik, aurrekontua handitu dute eta iaz baino hamabost kontzertu gehiago eskainiko dituzte. Berri horiek guztiak musutruk izango dira. Adibidez, Kursaaleko terrazan, abuztuaren 1ean, 22:30etan, musika, argiak eta piroteknia jokoak ikus eta entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Azkenik, bikaintasun artistikoa eskainiko dutela aitortu du Hamabostaldiko zuzendariak. “La Boheme opera, adibidez, azkenaldiko produkziorik onena da, eta horixe aurten eskainiko dugu”.
Aurrekontuari dagokionez, aurtengo edizioak guztira 2.464.000 euro erabiliko ditu, iaz baino 140.000 euro gehiago.
Sarreren salmenta ekainaren 6an hasiko da, 11:30etatik aurrera, Kursaaleko eta Viktoria Eugeniako lehiatiletan edota Musika Hamabostaldiaren atarian.