Buruz buruko txapelketa hiru aldiz irabazi zuen pilotari zenean. 60 urte geroago, Miguel Gallastegik aietearren omenaldia jaso du, Miramongo frontoira ia egunero joaten delako.
Ohi baino jende gehiago zegoen larunbatean Aieteko Pakea plazaren alboan dagoen frontoian. Plazaren izena jakin gabe ere, lasaitasun bila, bake bila igo ohi da Miguel Gallastegi (Eibar, 1918) Erdialdetik txoko honetara. Baina asteburuan festa giroa izan zen nagusi. Izan ere, dagoeneko auzokotzat hartzen duten Aieteko bizilagunek omenaldi bat egin nahi izan zioten pilotari ohiari.
Aspaldian ezagutu zuen txoko hau Miguel Gallastegik; ongi gogoan du 1943ko abuztuaren 13a zela. Dagoeneko eraitsia dagoen Ramonene baserrian eman zioten ostatu. Donostian jokatu zuen pilotariak eta bertan igaro ere eguna. Ordutik asko aldatu da Aieteko inguru hau; “garai batean basoa eta lau baserri besterik ez ziren hemen. 1943an ezagutu nuen txoko hau, eta osasunak uzten didan bitartean etortzen jarraituko dut”.
Miguel Gallastegirentzat Pakea plazako lasaitasuna bezain berezia bihurtu da bere presentzia bertako bizilagunentzat, eta hala erakutsi zuten larunbatean egindako ekitaldian. Saio “hunkigarria” izan zen; halaxe aitortu zuen Gallastegi berak ere, asko izan baitziren anfiteatroko frontoiko harmailetan eseri ziren ezagun, senitarteko, lagun eta aietearrak ere. Tartean, baita Euskadiko Pilota Federazioko ordezkari bat, eta hainbat udal ordezkari ere.
Juan Karlos Izagirre alkateak adierazi zuenez, “ezin uko egin Gallastegi omentzeari, ez-ohiko ekitaldia izan baita hau, herritarren ekimenez sortua. Gainera, omenaldirik politenak gustuko lekuetan egiten dira, eta oraingoan asmatu dugula uste dut”.
Atano III.aren aurkari
Atano III.a mendean hartu izanagatik egin zen ezagun Miguel Gallastegi, edo Don Miguel, horrela deitzen baitzioten pilotaria zeneko garaian. Hiru txapela irabazitako pilotaria da (1948, 1950 eta 1951), eta bere omenaldian ere pilotak izan zuen lekua.
Bero zakarra eta itzal gutxi izan zen larunbatean Miramongo frontoian, baina gustura egon ziren bertaratu zirenak. 11:30ean afizionatuen arteko pilota partida jokatu zuten. Azken unera arte jokatu ere, 22 eta 20 bukatu baitzuten.
Eroso egon zen Miguel Gallastegi lehen ilaran partidari begira, eta bukatu zenean bertsolarien loreek lotsagorritu zuten. Xamoa eta Egoitz Zelaia aritu ziren bertsotan. Gazteegiak direla aitortu zuten Gallastegiren jokoa ezagutzeko, baina Zelaiak gogoan izan zituen bere aitonaren hitzak, Gallastegiren jarraitzaile fina izan baitzen.
Udal Txistulari Bandaren doinuei jarraiki dantzariek ireki zioten Gallastegiri frontiserako bidea. Han, Miguel Gallastegi pilotariari Aieteko bere txoko kuttunetik dioen plaka bat jarri zuten, eta pilotaria hunkitu zen bere gazte garaiko irudiaren aurrean eta zaleen txalo artean. Donostiako Udalak eskainitako txapela jantzi zioten bertan.
Beste erritmo batean bizi da Gallastegi, eta agian denbora falta izan zitzaion ezagun guztiak agurtzeko, frontoian bildu zirenen artean asko baitziren gazte garaiko jarraitzaileak. Dena den, Maria Jesus Danborenea emaztearengana joan eta irribarre batez muxu emateko tarte bat atera zuen.
Gallastegik Katxola baserrian izan zuen patxadan egoteko beta. Pintxo batzuk janez San Tomas egunean egindako sagardoa dastatzeko aukera izan zuen jendeak. Berotik ihesi gustura gerturatu ziren guztiak baserriaren itzalera.
Agurtzane Altuna 2014/06/27
(Argazkia: Agurtzane Altuna)