Miguel Gallastegi pilotari ohia omenduko dute Aieten
Ekainaren 21ean jai giroan egingo diote Gallastegiri omenaldia, Miramongo anfiteatroko frontoian, pilotariak egunero goiza igarotzen duen lekuan bertan.
Ez da auzokoa, baina Aieteko hainbat auzotarrentzat dagoeneko ohorezko bisitari bihurtu da Miguel Gallastegi (Eibar, 1918), pilotari ohia. Izan ere, osasunak uzten badio behintzat, egunero joaten da Gallastegi Aietera. Pakea plazan autoa utzi eta inguruan ibiltzen da paseoan. Atseden hartu behar duenean, berriz, anfiteatroko frontoiari begira jartzen da, pilotari garaiko bizimoduaz edo gaur egungo egoeraz gogoeta egiteko.
Aieteko txoko lasai hau aukeratu du Gallastegik atseden hartzeko. Eta oraingoan auzotarrak dira omenaldi txiki bat egingo diotenak. Ekainaren 21ean, jai giroan egingo diote omenaldia. Pilotari lotutako omenaldia izango da, Gallastegiri pilotak argitzen baitio begirada.
Hasteko, pilota partidak jokatuko dituzte 11:30etan hasita. Ondoren, Miguel Gallastegiren omenenezko plaka jarriko dute frontoian, udal ordezkariak ere bertan izango direlarik. Ondoren, txotx egingo dute Katxolan urteko sagardoa dastatuz, eta amaitzeko, musika eta bertsolariekin biribilduko dute eguna.
Lantxabe auzo elkarteko kideen arabera, omenaldi hunkigarri bat izatea nahi dute, Miguel Gallastegiri adeitasuna adierazteko, eta bide batez, auzoa jai giroan murgiltzeko.