Traineru berriak eta arraunlariak aurkeztu ditu Donostiarra Arraun Elkarteak
Aurten bi traineru uretaratuko ditu Donostiarrak, KAE-1 eta KAE-2 ligetan.
Urtero bezala, denboraldi berriari hasiera emateko, Donostiarra Arraun Elkarteak aurkezpena egin du, Kaiko arranpan. Jarraitzaile, bazkide eta komunikabideen aurrean, traineru berriak ez ezik, arraunlari guztiak banan-bana aurkeztu dituzte.
Aurtengo denboraldian bi traineru uretaratuko ditu Donostiarrak, KAE-1 eta KAE-2 ligetan. Lehenengoa Xabier Zabala entrenatzaileak gidatu du, bigarren urtez jarraian. Bigarren taldearen gidaria, berriz, Mikel Kortadi izango da. Arraunlari eta entrenatzaileekin batera, Donostiarrako presidentea ere bertan izan da, eta bi traineruak uretan egotea lortu dutela azpimarratu du. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek ere hitza hartu du eta “harrobia badagoela” nabarmendu du. “Zuen lanaren emaitza ikusteko momentua iritsi da, eta ez ahaztu gure animoak eta babesa dituzuela”.
Bestalde, Donostiarra Arraun Elkartea babesten duten hamabost elkarte gastronomikoentzako tartea izan dute gaurko aurkezpenean. Izan ere, aurreko urtean, trainerua erosteko laguntza eskaini zuten elkarteek, eta lehenengo urtean aipamen berezia egin zitzaien. Aurten, opari bana eman diete, arraunlarien eskutik.
Denboraldiaren aurkezpenari amaiera emateko, bertaratutakoek pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izan dute.
Lehiakortasuna eta kalitatea
Xabier Zabala entrenatzaileak IRUTXULOKO HITZArekin hitz egin du, eta presidenteak helarazitako mezuarekin bat dator: “Denboraldi honetan garrantzitsuena bigarren trainerua uretan daukagula da”. Negua ongi joan dela esan du, eta aurreko urteko arraunlarien kopurua igo dela esan du, eta horrek estra bat ematen dietela aitortu du. “Jende gehiago egotea beraien arteko lehiakortasun handiagoa izatea ahalbidetzen du, orduan horrek taldearen kalitatea igoko du”. KAE-1 ligako aurre denboraldiko lehen estropada jokatu dute iada, eta zazpi bat tripulazio nahiko paretsu ibiliko direla uste du. Gogotsu dago hasteko, eta lana egoki egin den ikusteko. “Ea uretan emaitzak ikusten diren”.
Lide Ferreira 2014/06/01