‘Udan, pilotaz gozatu’

GallastegiMiguel Gallastegi omenduz hasiko dute ‘Udan, pilotaz gozatu’ kanpaina

Larunbatean, ekainak 21, egingo diote omenaldia Miguel Gallastegi pilotari ohiari, Miramongo anfiteatroko frontoian, 12:30ean.

Udan, pilotaz gozatu programaren hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur. Hirian, eta batez ere udan, garatzen diren pilota jarduera guztiak biltzen ditu programak; 35 guztira.

Jarduera horien artean daude pilota ikastaroak, herri arteko txapelketak, pilotari federatuen txapelketak, eta baita profesionalen artekoak ere. Txapelketa horien artean, Igeldo, Parte Zaharra eta Loiolako txapelketa herrikoiak nabarmedu dituzte. Federatuen artean, berriz, Antiguako txapelketa, abuztuaren 31ko txapelketak, Añorgako Jolas Etxekoa eta Ategorrietakoa, besteak beste.

Miguel Gallastegiri omenaldia

Aurten modu berezian eman diete hasiera programari. Izan ere, bere bizia pilotaren inguruan garatu duen Miguel Gallastegi pilotari ohiari omenaldi bat egin nahi izan diote Aieten.

Aspaldian Donostian bizi bada ere, eibartarra da berez, eta punta puntako pilotaria zenean ere sarritan etortzen zen Donostiara pilotan jokatzera. Ez ditu urte asko falta 100 urtera iristeko Miguel Gallastegik (Eibar, 1918), baina burua argi du oraindik. Gogoan du Aieteko Ramonene baserria, behin baino gehiagotan igaroa baita gaua bertan, partidaren bat jokatu ondoren.

Aiete txoko berezia izan da beti Gallastegirentzat, eta maila berean erantzun nahi izan diote herritarrek ere. Izan ere, osasunak uzten dion bakoitzean igotzen da pilotari ohia Pakea plazara, egunkaria lasai irakurri, ariketa batzuk egin eta paseoan ibiltzera. Anfiteatroaren ondoan dagoen frontoiari begira ere orduak igarotzen ditu.

Gallastegiren arabera, asko aldatu da Aieteko txoko hori; “garai batean basoa eta lau baserri besterik ez ziren bertan. Orain guztia etxez bete dute, baina oraindik lasai lasai egoteko txoko bikaina da”.

Pilota ere Aiete adina aldatu omen da bere gazte garaietatik; “lehen pilotak motelagoak ziren, eta gehiago erabili behar izaten genuen indar fisikoa. Buruz buru ondo moldatzen ziren jokalariak bakarrik aukeratzen zituzten eta elkarren arteko lehia fisikoa izaten zen. Gainera ikusleak ere oso zorrotzak ziren horretan, eta %100ean ez bazeunden ez zizuten jokatzen uzten; orain guztiek dute aukera”.

Buruz buruko txapelketaren inguruan galdetuta, Gallastegik Irujoren alde egingo du; “Retegik gaitasun handia duela diote askok, baina 29 urte baditu dagoeneko, eta zertan aritu da ba orain arte?”.

Agurtzane Altuna on 2014/06/18 in Hiria, Kirola

Bizipen ugari kontatu ditu Miguel Gallastegik prentsaurrekoan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio