Haur kritikoa ondo zahartu da

QUINOMafaldaren 50. urteurrena

Irailaren 29an mende erdia beteko da Joaquin Salvador Lavado ‘Quino marrazkilariak Mafalda pertsonaiaren lehen zinta kaleratu zuenetik. Egileak uste du ume konformagaitzak inuzenteki egiten zituen galderei erantzunik ez zaiela eman eta auzitan jartzen zituen arazoak ez direla konpondu.

Bere heldutasun goiztiarrean, hala bota zuen behin, nazkatuta, Mafalda haurrak: «Gera dezatela mundua, bertatik jaitsi nahi dut-eta». Amalurraren zirkunstantzia soziopolitikoekin arduratuta bizi zen klase ertaineko ume konformagaitz eta The Beatlesen jarraitzaile hark 50 urte bete ditu. Datorren irailaren 29an mende erdia beteko da Joaquin Salvador Lavado Quino marrazkilariak (Mendoza, Argentina, 1932) komiki pertsonaia haren estreinako zinta Buenos Airesko Primera Plana aldizkarian kaleratu zuenetik —jatorrizkoak 1973a bitartean ondu zituen—. Baina haur kritikoak lagunei, gurasoei eta parean egokitzen zitzaion orori planteatzen zizkien galdera umoretsu eta burutsuei ez zaiela erantzun argirik eman, eta 60ko hamarkadaren amaieran eta 70ekoaren hasieran auzitan jartzen zituen arazo unibertsalak ez direla konpondu iruditzen zaio haren egileari. «Orduz geroztik ezer ez da aldatu munduan. Batzuetan harritu egiten naiz orain dela berrogei urteko zinta horiek egungo gorabeherekin lotuta daudelako», adierazi zuen Quinok urtearen hasieran. Obra, haur kritiko hura, hortaz, ondo zahartu dela esan daiteke.

Izena, Mafalda, Dar la cara (1962) filmetik hartu zuen Quinok. Haur bat hala deitzen da pelikulan, eta alaia iruditu zitzaion. Baina Mafaldaren unibertsoa pertsonaia gehiagok osatu zuten: aitak —ez zuen izenik—, Raquel amak, Guille anaia txikiak, Felipek, Manolitok, Miguelitok, Susanita eta Libertad lagunek…

Mafaldaren gorabeherak berehala txertatu zituzten argentinarrek haien egunerokoan, eta urte gutxi batzuen buruan, 1969an, estreinakoz publikatu zuten handik kanpo. Italian izan zen, eta Umberto Eco semiologo eta idazle italiarra arduratu zen album haren edizioaz. «Heroi suminkorra da Mafalda», adierazi zuen Ecok. 30 hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dute —arrakasta handia eduki du Frantzia, Mexiko, Brasil, Portugal, Italia eta Espainian batez ere—, eta umore garratzeko, are zinikoko haurrari buruzko liburuak, albumak, bildumatzeak, animazioak eta beste egin dira.

Aurten, efemeridea probestuta, besteak beste, haren izena daraman plaza bat inauguratu dute Buenos Airesen, eta Quinori han eta hemen egin dizkiote omenaldiak eta jaso ditu sariak; baita Angulemako komiki jaialdian ere (Frantzia), munduko garrantzitsuenean.

Emigratu behar izan zuten espainiar errepublikazale batzuen semea da Quino, eta Argentinan, militarren diktadurapean (1976-1983), ez zituzten haren istorio goxo, ironiko, umoretsu eta filosofiko horiek zentsuratu. Marrazkilariak badu teoria bat: «Uste dut genero txikitzat hartzen zutela». Sasoi hartan Milanera joan zen bizitzera.

Ordurako eginak zituen Mafaldarenak: «Errepikatzen ari nintzela ikusten nuen». Marrazkiaren langiletzat dauka bere burua —«besterik ez naiz-eta»—, baina badira zortzi urte ez duela marrazten, ikusmen arazoengatik. Ez zuen haurrentzat lan egiten, baina haiek izan zituen irakurle «esker onekoenak». Eta umeak orain dela 50 urte kontatutakoak indarrean daude egun ere. «Kontu eternoez mintzo zelako beharbada…».

2014-09-04 / Igor Susaeta

1 comentario en “Haur kritikoa ondo zahartu da”

  1. Mafalda visita Donosti

    La casa de cultura Okendo, del barrio donostiarra de Gros, ha inaugurado hoy una exposición sobre Mafalda, la personaje de tiras cómicas que creó el dibujante Quino hace 50 años. Se muestran 60 tiras, publicadas entre 1964 y 1973, año en el que el dibujante la dio por finiquitada. La exposición durará hasta el 18 de octubre.
    Las tiras de Mafalda se publicaron en varios diarios y semanarios de Argentina. Quino, a través de esa niña de 6 años, hizo un retrato muy perspicaz de la clase media del país. Según han comentado en la presentación de hoy la directora de la casa de cultura, Susana Bustero, y el diseñador Edorta Subijana, que ha dado forma a la exposición, «hay una gran diferencia entre la Mafalda original de aquellas tiras cómicas» y la ultilización posterior que se ha dado al personaje; se le ha infantilizado.
    La de Gros es una exposición para todos los públicos. Además de las tiras, reproducidas a casi un metro de base, se ofrecen varios paneles explicativos y un montaje audiovisual con materiales enviados por el propio dibujante.
    Quino ha recibido este año dos grandes galardones: la Legión de Honor, en París, y el Premio Príncipe de Asturias de la Comunicación y las Humanidades.
    felix ibargutxi

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio