Lanbidek Kaltetuak 2014 taldeak kexa bat aurkeztu du Arartekoan, eskutitzen arazoan esku hartzeko eskatuz.
Duela hilabete inguru, Victoria Molina eta Ainhoa Loinazek Lanbidek bidalitako “ziurtatu gabeko” eskutitz bat jaso zuten. Eskutitz horren arabera, jasotzen duten diru sarrerak bermatzeko errentan (DBE) izandako zenbait okerreko kobratzeengatik, Lanbidek 3.500 euro ordaintzeko eskatzen dizkie, “inongo informazio gehiagorik eman gabe”. Eskutitz hori Euskal Herriko beste 10.000 lagunek jaso dute, eta egoera honen aurrean bi emakumeak elkartu eta Lanbidek Kaltetuak 2014 taldea sortzea erabaki dute. Gaur Gasteiz, Bilbo eta Donostiako Arartekoen bulegoaren aurrean egin dituzte elkarretaratzeak, bizi duten egoera salatzeko eta, kexa baten bitartez, Arartekoari arazoan esku har dezan eskatzeko. “Informazioa eskatu dugu, baina inork ez digu ezer azaldu; beraz, galduta gaude”.
Kaltetuen artean Josean Gonzalez de San Pedro antiguarra dago. Orain lanean dagoen arren, 2012an diru sarrerak bermatzeko errenta jaso zuen, eta bere eskutitzean Lanbidek 3.000 euro zor dituela dio. Eskutitza jaso bezain laster, plataformarekin harremanetan jarri zen. Kopuru hori ordaintzeko bi bide ematen dizkio Lanbidek: kontu korronte batean dirua sartzea, edo hilabetero kopuru txikiago bat ordaintzea. “Harrituta nago, ez dut ezer ulertzen. Azalpenik gabe, ez dut ezer ordainduko”.
Ez ordaintzearen beldur
Hala ere, plataformako arduradunak beldur dira. “Eskutitzarekin konforme ez bagaude, ez ordaintzeko esan digute, baina nola dakigu ez zaigula ezer gertatuko? Gainera, jendea beldurtzen ari dira. Eskutitzak dio kopuru hori ordaintzen ez badugu, laguntza ez dugulako jasoko”. Telefonoz deitu dutela eta Lanbideko bulegoetara joan direla azaldu du, baina ez diete behar bezala erantzun. “Ordaindu behar bada, ordainduko dugu, baina pertsonalki azalpenak ematea eskatzen dugu; eta oker badaude, barkamena eskatu dezatela”.
Bestalde, Arartekoak berak ez duela gehiegi egiten salatu dute. “Herriaren defendatzailea omen da, baina Eusko Jaurlaritzaren presioa duela iruditzen zaigu”. Horregatik, eta norbaitek zerbait azaldu diezaien, kexa bat aurkeztu dute. Bilkura horretan, Arartekoko arduradun batek esan die aste honetan beraiekin ez badira harremanetan jartzen, telefonoz deitzeko.
Gaur egin duten elkarretaratzean Victoria Molinak jakinari duenez, Lanbidek beste 20.000 eskutitz gehiago ditu bidaltzeke, eta “interesatzen zaien unean bidaliko dituzte”.
Lide Ferreira 2014/10/14