Kontzertu bat baino gehiago

2WWWWGroseko Garoa liburu dendak Paperezko Kontzertuak izeneko programa jarriko du abian Donostian. Jarduera duela urtebete sortu zuten Zarautzen, eta igandean iritsiko da hirira, The Sadies taldearen eskutik.

Zarauzko dendan izandako arrakastaren ondoren, Paperezko Kontzertuak programa Donostiara iritsiko da igandean, Groseko Zabaleta kaleko espaziora. Zarautzen 2013ko urrian jarri zuten abian, eta harrera bikaina izan dutela azaldu du Garoako lan taldeak. Musika talde edo bakarlari batek liburu bat aukeratu eta haren inguruan egindako emanaldia eskaintzen du. Moderatzaile baten laguntzarekin, ikusleek emanaldi berezi batez gozatzeko aukera dute.

«Saltzen duguna ez da kontzertu bat. Musika deskubritzeko gogoa duen jendea etortzea nahi dugu. Ez du zertan zuri gustatzen zaizun taldea izan behar. Hiruhileko abonamendua erosten duzu, eta badakizu hiru talde ekarriko ditugula kalitatezkoak. Musikaz gozatzeko klub bat da», azaldu du Garoako komunikazio arduradun Oier Aranzabalek.

Kontzertua liburu bati eskaintzen diote, eta kontzertu bakoitza desberdina da: «Ez dira abestiak, ez dira kontzertuak. Esperientzia bat da. Ez dira berriz errepikatuko». Jendeak badauka aukera musikariarekin hitz egiteko, galderak egiteko, abesti bat eskatzeko… «Behin probatzen duenak errepikatu egin nahi du», adierazi du Aranzabalek, eta hala lortu dute pixkanaka familia bat sortzea.

Paperezko Kontzertuak programaren funtzionamendua azaldu du: «Guk bitartekari lana egiten dugu. Etortzen den jendeak ekartzen du taldea. Kontzertu bakoitzak 12 euro balio du, eta abonamenduak 36. Nazioarteko proiekzioa daukaten musikariak izan daitezke, edo bertakoak ere bai. Jendeak berak ordaintzen du kontzertua; autofinantzatua da. Zaleek lortzen dute musikaria Garoara etortzea. Ez bagina elkartuko denok batera musikaz gozatzeko asmoz, ez genuke talde hori ekarriko».

Uda hasieran ireki zuten Garoa liburu denda Zabaleta kalean. Zenbait kontzertu egin dituzte jada, Donostian pixkanaka Paperezko Kontzertuak formatoa ezagutzera emateko. The Wave Pictures izan zen Garoan jo zuen lehen taldea: «Bezperan 5.000 zaleren aurrean jo zuten Sevillan. Hona etorri eta 50 lagun elkartu ginen. Beraien zale amorratuak ere etorri ziren, eta aukera izan zuten beraiekin egoteko. Batek lehen diskoko kanta eskatu zuen. Agian bost edo zortzi urten jo gabeko kanta bat. Beti dago abestiren bat bereziki prestatu dutena emanaldi hauetarako. Beti dago altxor txikiren bat».

Era berean, Paperezko Kontzertuak programaren lehen hiruhilekoaren atarian, bi musika emanaldi antolatu zituzten Garoan, irailaren 7an eta 20an. Robert Ellis eta San Frantziskoko psikodelia talde Sleepy Sun izan ziren Groseko espazioan.

Orain arte oso giro ona sumatu dute: «Hasieran beharbada jendeak ez zuen ulertzen. 12 euro garestia iruditzen zaie. Ez da bakarrik musikari batekin a capella eta aurrez aurre egotea. Momentuan sortzen den giroaz gozatzea da. Emanaldiaren ondoren, esperientzia bizi eta gero, jendeak dirua ondo inbertitu duela sentitzen du. Guk uste dugu lehen hiruhilekoa proba bat izango dela. Eta gerora, Zarautzen bezala luzaro iraungo duela».

Igandean hasiko da Paperezko Kontzertuen musika kluba. The Sadies taldearekin hasiko da, hain zuzen ere. Hurrengoa azaroaren 28an izango da, eta Sam Amidon izango da gonbidatua; abenduaren 21ean, Zestoako Grises elektro pop taldeari egokituko zaio txanda.

Amaren bidetik

Orain dela 41 urte euren amak, Flor Illarramendik, Zarauzko Garoa liburu dendan hasitako bideari segida eman diote Eneko eta Imanol Agirre anaiek Donostiako dendarekin.

Sentsazio oso onak izan dituzte denda ireki zutenetik. Imanol Agirrek azaldu du harrera oso polita izan dutela, batez ere auzotarrena.

Agirreren hitzetan, «auzotar askok eskerrak eman dizkigute liburu denda bat irekitzeagatik. Gehien harritu nauena izan da jendea liburu baten bila etorri dela, eta nahiz eta momentuan liburu hori ez eduki, eskatzeko esan didatela. Askotan pentsatu dut zein erraza izango zen beraientzat zubia pasa eta beste denda batera joatea. Ikusi duguna da jendeak asko baloratu duela denda bat ireki izana».

Eta zergatik ireki dute denda Grosen? Agirrek aitortu du intuizio hutsagatik izan dela: «Zarauztarra naiz eta denda ireki arte Donostiara urtean gehienez bi aldiz etortzen nintzen. Lokalak begiratzen hasi ginen, eta hau bigarrena izan zen. Seigarren zentzuak eskatu zidan lokal hau hartzeko, eta ni intuizioaz fidatzen naiz; lekua ikusi nuenean banekien hau zela gure lokala».

Liburu denda lasai egoteko espazio bat dela uste dute Garoako arduradunek. Irakurleak gustura sentitzea nahi dute, eta behar dituzten liburuak gomendatzeko gogoz daude: «Berriak gara, ez dugu jende asko ezagutzen. Baina Zarautzen bai, eta nik liburu bat irakurtzen dudanean badakit nork gozatuko duen irakurketa horrekin.

Liburua oso pertsonala da eta kontuan hartu behar da norberaren egoera. Hemen falta zaidana da jendea ezagutzea. Garrantzitsua da dendan sartzen den pertsonari hitz egiten utzi, entzun eta behar duena lortzen saiatu».

Nerea Lizarralde 2014/10/17

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio