Abian da ‘Langile-klasea zineman’ zikloa

langile-klasea-zineman-p1Datorren azaroaren 19an, Nosferaturen Langile-klasea zineman izeneko ziklo berria estreinatuko dute Antzoki Zaharrean. F. W. Murnau zuzendariaren El último (Der letzte Mann, 1924) filmak emango dio hasiera zikloari, eta film horrekin batera, jendaurrean komertzialki erakutsitako lehen filma proiektatuko dute: Lumière anaien La salida de los obreros de la fábrica (La Sortie des usines Lumière, 1895). Zinemak, bere hastapenetik, langile-klasean arreta jarri zuela argi eta garbi erakusten du film honek. El último Javier Perez de Azpeitiaren pianoaren zuzeneko laguntzarekin emango dute.

Zikloa ekainera bitartean luzatuko da, 22 emanaldi eta 22 film eskainiz. Zinemaren historia osoan zehar langileen bizitzak eta langile-klaseak protagonista izan dituzten film onenetako batzuk ezagutzera emango dituzte. Langile horien handitasunak zein sufrikarioak, egunerokoa, bizirik irauteko edo bizi-baldintzak hobetzeko borroka etengabea, itxaropen eta porrotak, langile horien errealitatea, bizitza eta heriotza erakusten dituzte film horiek. Nekazariak, arrantzaleak, meatzariak, etorkinak, mota guztietako fabriketako langileak, lan-baldintza hobeak aldarrikatzeko greban dauden langileak, langileen eskubideen aldeko borrokalariak…

Datozen hilabeteetan, film enblematikoak izango dira ikusgai Nosferatu programazioan, besteak beste, Surcos (1951), La sal de la tierra (The Salt of the Earth, 1954), Langile klasea paradisura doa (La classe operaia va in paradiso, 1972), La Patagonia rebelde (1974) edo Novecento (1976), bai eta Aki Kaurismäki, Ozu, Renoir, Murnau, Eisenstein, Ken Loach, Berlanga, Visconti edo Scorsese bezalako zinemagile esanguratsuen lanak ere.

langile-klasea zineman – pZikloa osatzeko, azken aldian ohikoa den moduan, bi liburu argitaratuko dituzte: De Lumière a Kaurismäki. La clase obrera en el cine, Carlos F. Herederok eta Joxean Fernandezek koordinatutakoa, eta liburu horren euskarazko bertsioa, Langile-klasea zineman. Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren artean ekoitzi dira liburuok, IVAC (Instituto Valenciano del Audiovisual y la Cinematografía Ricardo Muñoz Suay) – La Filmotecaren eta Nafarroako Filmotekaren laguntzarekin.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio