Egilea Louis-Ferdinand Céline
Jatorrizko izenburua Voyage au bout de la nuit
Urtea 1932
Jatorrizko hizkuntza frantsesa
Argitaratzailea Denoël et Steele (1932)
Itzultzailea Matías Múgica
Argitaratzailea Igela (1992)
Gauaren muturrerainoko bidaia (Voyage au bout de la nuit, frantsesez) Louis-Ferdinand Céline idazle frantziarraren lehen eleberria da, 1932an argitaratua.
Erabilitako hizkeragatik da ezaguna eleberri hau. Izan ere, kaleko hizkeratik oso hurbil dago; zakarra eta inolako formalitaterik gabekoa da. Prosa bortitza eta mingotsa da; erritmoa, azkarra.
Liburua Célineren beraren eskarmentuan datza, baina hori kontatzeko Ferdinand Bardamu pertsonaia nagusia erabiltzen du. Abizen hori, Bardamu, bi hitz frantsesetik dator: Barda, “fardel” —horrela eraman baitzuten soldaduek gerrara—, eta mu, mouvoir aditzaren partizipioa, “mugitu”. Bardamuk Lehen Mundu Gerran, Afrika kolonialean eta gerrarteetako AEBn izandako esperientziak kontatzen ditu.
Gauaren muturrerainoko bidaia, eleberri nihilista eta misantropoa da, umore zinikoaz nahastuta. Célinek bere ezkortasuna azaltzen digu, gizatasunari, erakundeei, gizarteari eta, orokorrean, bizitzari dagokienean.
Argumentua
Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Ferdinand Bardamu Lehen Mundu Gerrako armada frantsesean sartu zen, ergelkeriaz, eta, gerraz nazkatuta, desertatu zen, eroarena eginez. Bardamuk gerraren zentzugabetasuna eta basakeria deskribatzen digu, baita pertsonaia xelebre batzuk ere.
Gerratik ihes eginda, eta Lola amerikarrarekiko ezkongai-aldia amaituta, Afrikako kolonia batera joateko itsasontziratzen da. Ontzian gainerako bidaiariek lintxatu nahi dute. Sistema kolonial frantsesari buruz egiten duen deskribapena irrigarria eta oso kritikoa da. Argi eta garbi azaltzen du sistema hori beltzak zapaltzean eta esplotatzean datzala. Sukar handi batzuek amaiera jartzen diote abentura horri, eta AEBra heltzen da, galeriano erdi-esklabo gisa. New Yorkera ihes egiten du, eta han bizi zen denboraldi batean. Lola, emaztegai-ohiarekin egiten du topo eta estortsio egiten dio neskari. Detroitera joaten da eta Molly izeneko prostituta batekin adiskidetzen da. Frantziara itzuli, eta mediku lan egiten du Pariseko aldiri pobre batean. Eleberriak iseka egiten die mediku-lanbideari eta zientzia-ikerketari.
Pertsonaiak
Ferdinand Bardamu: narratzaile eta protagonista nagusia.
Leon Robinson: eleberrian zehar Bardamurekin askotan topo egiten duen pertsonaia.
Lola: Bardamuren emaztegai amerikarra Parisen. Neskak Bardamu utzi zuen.
Musyne: biolin-jolea, Bardamuren adiskidea.
Molly: Detroiteko prostituta, Bardamuren adiskidea.
Henrouille familia: atsoa, semea eta erraina. Pasadizo askotan parte hartu zuten.
Madelon: Robinsonen maitalea, eta, batzutan, Bardamurena.
Sophie: Bardamuren azken emaztegaia.
Frantziako Gobernuak 2011n loriatu beharreko jende eta efemerideen zerrenda argitaratu zuenean, eta Louis-Ferdinand Celineren izena bertan agertu zenean haren heriotzaren 50. urteurrena zela eta, Serge Klasferld Frantziatik deportatutako juduen seme-alaben elkarteko buruak eta nazismoaren aurkako erreferente historikoak eta beste askok hitza jaso zuten. Frederic Mitterrandek, Frantziako Kultura ministroak, Celine zerrendatik ezabatu zuen bi egunera. Batzuentzat zentsura izan zen, eta besterentzat, justiziazko ariketa. Horrek galdera asko uzten zituen, baina, bazterrera: nola gogoratu Celine?
LITERATURA. Uztailaren 1ean 50 urte beteko dira Louis-Ferdinand Celine idazle frantziarra zendu zela. Talentu handiko idazlea izateaz gain, antisemita ezaguna ere izan zen Celine. Hainbat eztabaidaren ondoren, Frantziako Gobernuak haren heriotzaren 50. urtemuga ez oroitzea erabaki du, Frederic Mitterrand Kultura ministroak atzo jakinarazi zuenez.
Jon Benito