Hiriko hamabost udal liburutegitan banatuko dute etnografo esanguratsuaren inguruko erakusketa bat, eta bere bibliografiaren hautaketa bat jarriko dute herritarren eskura.
Julio Caro Baroja jaio zenetik ehun urte beteko dira datorren astean, azaroaren 13an hain zuzen ere. Aitzakia hori hartuta, Caro Baroja nor izan zen eta zer egin zuen jendartean zabaltzeko aukera aprobetxatu nahi izan du udalak. Izan ere, bere jaiotzaren mendeurrenean, Euskal Herriko hainbat tokitan jarduera anitzak antolatu dituzte, eta Donostiako Udalak jarduerarekin bat egitea erabaki du, San Telmo Museoaren eta hiriko udal liburutegien bidez. Hala, hiriko hamabost liburutegitan banatutako erakusketa bat zabalduko dute, Julio Caro Baroja gogoan (1914-2014) izenburupean, eta gaurko aurkezpenean eman dute xehetasun guztien berri. Antropologo, historialari, hizkuntzalari, folklorista eta saiakeragile garrantzitsua izan zen Caro Baroja; Telesforo Aranzadi eta Aita Barandiaranen ikaslea izan zen, eta euskal kulturaren inguruan eta euskaldunen jatorriaz izugarri ikertu eta idatzi zuen.
Euskal jatorria zuen Caro Barojak, hortik Euskal Herriarekiko bere interesa; hala, 1914an Madrilen jaio bazen ere, 1995ean Beran hil zen. Rafael Caro Raggio eta Carmen Barojaren semea zen Julio Caro Baroja; Pio Baroja idazlearen eta Ricardo Baroja idazle eta margolariaren iloba. Herritarrak bere lanaren garrantziaz jabetzea nahi dute San Telmo Museoko arduradunek, eta horregatik, erakusketa auzoetara zabaltzea erabaki dute.
Estitxu Zabala
ERAKUSKETA:
•ZER. Julio Caro Baroja gogoan (1914-2014) erakusketa.
•NOIZ. Bihartik otsailaren 1era.
•NON. Hiriko hamabost udal liburutegitan:
1.UDAL LIBURUTEGI NAGUSIA: KUTXA.
2.UDAL LIBURUTEGI NAGUSIA. HAUR SAILA: KAIKUA.
3.CASARES-TOMASENE K.E. LIBURUTEGIA: LAIAK.
4.LARRATXO LIBURUTEGIA: OTSO-ARTEA.
5.EGIA K.E. LIBURUTEGIA: UZTARRIA.
6.ERNEST LLUCH K.E. LIBURUTEGIA: KOPETAKOAK.
7.INTXAURRONDO BERRI K.E. LIBURUTEGIA: GURDIA.
8.LARROTXENE K.E. LIBURUTEGIA: ARGIZAIOLA.
9.LOIOLA K.E. LIBURUTEGIA: ESKUAREA.
10.LUGARITZ K.E. LIBURUTEGIA: AITZURRA.
11.OKENDO K.E. LIBURUTEGIA: PEGARRA.
12.AIETE K.E. LIBURUTEGIA: GORUA.
13.UDAL MUSIKA ETA DANTZA ESKOLAKO LIBURUTEGIA: TXISTUA.
14.KOLDO MITXELENA LIBURUTEGIA: GOLDEA.
15.SAN TELMO MUSEOKO LIBURUTEGIA: BURUKOA.