Arbel Beltza: euskal hezkuntzaren urte ilunak

ASAArbel Beltza: euskal hezkuntzaren urte ilunak

Erakusketak

Aiete Kultur Etxea

2014 Abe 16 – 2015 Mar 13

Astelehenetan eta jaiegunetan itxita (igandetan zabalik)

Begirada bat Euskal Herriko irakaskuntzari gure azken urteetako historiaren garai nahasienetako batean: gerra zibilaren hasieratik diktadorearen heriotzaraino doana, frankismoaren urte ilunetan zehar.Domundeko eltzeitsua, nesken joskintzarako otzara eta armazoia, arbazta –maisu-maistra batzuek ikasleak jotzeko erabiltzen zutena–, lekukotzak, liburuak, ikasmahaiak tintontzi eta guzti, zigor idatziak, ikastetxeetako aktak, kartelak, “emakume ona” izateko eskuliburuak eta argazkiak: horrek guztiak Euskal Herrian irakaskuntzarako ere guztiz asaldagarria izan zen garai batera garamatza, hots, Espainiako gerra zibilarekin hasi eta frankismoaren marra ilunak zeharkatuz diktadorearen heriotzaraino doan garaira.

Arbel beltza” erakusketak azaltzen digun gure historiako aldi horretan, “hezkuntza” frankismoko sistema totalitarioaren oinarrizko zutabe bihurtu zen, irakaskuntza doktrinatze, eta Eliza katolikoa eta falangea egin ziren hezkuntza monopolioaren jabe, erregimena iraunarazteko.

Xede horrekin, Aranzadi Zientzia Elkarteak lan nekeza eta arduratsua egin du urte haiek beren azalean nozitu zituzten pertsonen lekukotasunak biltzeko, hautatzeko eta ikertzeko. Urte haietan, izan ere, ehunka maisu-maistra baztertu eta bota zituzten beren ikasgeletatik erregimen frankistarekin bat ez etortzeagatik, eta milaka haurrek kolpeak, zigorrak, umiliazioak, doktrinatzea eta abar pairatu zituzten.

Garai ilunetan ere, arrakalak

Erakusketak ibilbide bat egiten du euskal irakaskuntzan zehar, XIX. mendean hasi eta Errepublika, frankismoa, klandestinitatean sortutako lehenengo ikastolak eta Euskal Herriko lehenengo unibertsitate fakultateak jorratuz.

Berrogeita hamarretik gora erakundek, entitatek eta banakok utzi dituzte objektuak eta argazkiak, edo erakusketa honetan jasotzen diren lekukotzak eman dituzte. Erakundeen artean daude Madrilgo Liburutegi Nazionala, Salamancako Agiritegi Historikoa, Frantziako agiritegi historikoak eta Kutxaren Fototeka.

Erakusketara etortzen direnek beren begiz ikusi ahalko dute zer alde dagoen Errepublika garaiko eta gerra frankistaren garaiko ikasliburuen artean edo ikastoletan erabiltzen zituzten “Xabiertxo” bezalako material didaktikoen artean. Horrez gain, gure historiako gertakari “beltzak” ezagutuko dituzue, hala nola Elvira Zipitria andereñoaren ikasgelako arbela mehatxuzko esaldiz beteta agertu zenekoa. Pertsona askok biziberritu eta ezagutuko dituzte eguneroko eta nahitaezko “Cara al sol” eta arrosario haien garaiko ikasgeletan erabiltzen ziren gauza eta tresnetako asko. Lehenengoz erakutsiko diren intereseko piezen artean, Txiki Zabalo marrazkilariak 1993. urtean Euskal Estatutuaren kartel baterako egin zuen jatorrizko zirriborroa dago. Garai hartako lekukotzekin eta pasadizoekin bideo bat argitaratu dute, eta, horrez gain, Iñaki Egañak garai hartako hezkuntzaren inguruan egindako argitalpen bat ere atera dute. Testu horretan, Gipuzkoan 1936tik 1942ra bitartean baztertu eta zigortu zituzten maisu-maistren zerrenda bat dator.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio