300 lagunetik gora parte hartu dute hiru mintzodromoetan.
Euskara belaunaldien arteko lanari esker bizirik dagoela aldarrikatu dute Euskararen Nazioarteko Egunean, eta erabilera sustatzeko mintzodromoak antolatu dituzte, bi San Telmo Museoan eta hirugarrena Larratxo kultur etxean. Guztira 300 lagunetik gora bildu dira hiru mintzodromoetan, eta transmisioa izan da aurtengo elkarrizketen ardatza.
Duela bost urte hasi ziren mintzodromoak antolatzen, eta ospatzeko, alderdi guztietako ordezkariak, eragileak eta hiritarrak San Telmo Museoan bildu dira, soken bidez euskararen aldeko irudia osatuz. Hala, sokekin Euskara etenik ez duen haria aurtengo leloa irudikatu dute.
Belaunaldi guztietako euskal hiztunak bildu dira 12:00etako San Telmoko mintzodromoan, eta baita lanbide, izaera eta maila guztietako hiztunak ere. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak mintzodromoan parte hartu du, Axier Jaka eta Naiara Sampedro zinegotziekin batera, eta bertan izan dira ere EAJko zinegotzi Eneko Goia eta Miren Azkarate, PSE-EEko zinegotzi Marisol Garmendia, PPko zinegotzi Iñigo Arcauz eta Euskara arduradun Nerea Txapartegi, beste askoren artean.
Aurreko belaunaldiek euskararen transmisioan izan duten rol garrantzitsua azpimarratu du alkateak: “Gure aiton amonek euskara erabili eta transmititu zigutelako egiten dugu gaur euskaraz, eta etorkizuneko belaunaldiek ere hala egin dezaten, euskara urteko 365 egunetan erabili behar dugu, bizitzaren arlo eta une guztietan”. Mintzodromoen arrakasta aipatu du Izagirrek, eta gaur egun Euskal Herri osora hedatu direla gogoratu du: “Duela bost urte jaio ziren mintzodromoak Donostian, eta beraz, mintzodromoekin ospatuko dugu urtehurrena; egun honetan belaunaldi guztietako euskal hiztunak bildu gara, euskararen inguruan euskaraz solasteko”.
Euskara, izaera eta kultura, eztabaidagai
Eguerdiko mintzodromoan hiru izan dira mintzagaiak: euskara eta belaunaldiz belaunaldi izan duen bilakaera, izaera eta etxean transmititutako balioak, eta kultura eta tradizioaren eragina. Horrela, museoan bildutako ehun lagunak lauko mahaietan banatu dituzte, adin, lannbide eta izaera ugarietako talde txikiak sortuz. Gai bakoitza hamabost minutuz landu dituzte mahaietan, eta ondoren taldekidez aldatu dira. Bagerak, Donostiako Euskaltzaleen elkarteak, Donostiako Euskara Zerbitzuak eta euskaltegiek antolatu dituzte mintzodromoak, euskara ikasten ari direnak hitz egitera animatu eta euskaraz aritzeko auker agutxi dutenei bultzada emateko helburuarekin.
Mota guztietako hizlariak bildu dira, eta tartean izan dira esate baterako, Beñat Gaztelumendi bertsolaria, David Doblas GBCko jokalaria, Nekane Arzallus GBCko lehendakariordea eta Unai Elizasu Donostiarrako kidea, besteak beste. Mahaietan lehen aldiz izan dira hizlari batzuk, bosgarren aldiz besteak, eta lehen minututik hasi dira denak hizketan. Gaztelumendiren mahaian hiru ziren mintzodromoan lehen aldiz, eta hiruek azpimarratu dute halako bileren onura. Doblasen mahaian berriz, harrituta gelditu dira mahaikideak Santanderreko (Espainia) jokalaria euskaraz mintzatzen entzun dutenean.
Ane Urrutikoetxea 2014/12/03
Euskara, etenik ez duen haria leloa osatuz talde argazkia egin dute San Telmo alderdi politiko guztietako ordezkariek, eragile eta hiritarrekin batera. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)