Larrua utopikoki jotzea

olariagaLarunbat gaua munduan larrua gehien jotzen den asteko eguna da. Euskal Herritik kanpo behintzat ziur baietz. Mito astun hori gaindituta zegoela uste nuen, baina ostegunean entzun nuenagatik zalantza egiten dut. Hitzaldi bat entzutera joan ginen. Bertan, gaur egungo paradigmatik at dagoen estatu bat eraikitzeko hainbat proposamen azaldu zizkiguten. Eztabaidak laga zigun zama mental horrekin guztiarekin pote bat hartzera joan, eta algara serioen artean hona galdera: «Goazen mamira; estatu berri horretan euskaldunok txortan egingo dugu ala ez?». Bistan da Euskal Herrian sexua praktikatzen dela, hemen gaudelako. Horrek agerian uzten ditu beste hainbat galdera; sexua praktikatzeko askeak sentitzen al gara euskal herritarrok? Gure sexualitatea libreki bizitzeko aukera daukagu?

Mito eta tabu gehiegi dago sexuaren inguruan. Horietaz elikatuko da MTVk gaur 22:00etan estreinatuko duen Territorio Virgen saioa. Hamabost gazteren estreinako sexu harremana kontatuko du reality-ak. Ordubeteko iraupena du, eta lau pertsonaren bizipenak bilduko ditu programa bakoitzean. Zenbaitek txortan egitea desiratzen duten bitartean, beste hainbaten haragi mugak ezagutzeko parada izango du ikusleak. Jakin-min handia sortzen dit kontuak. Baina teaser-a ikusita, badirudi ezer berririk ez dugula topatuko. Interesgarria suertatuko litzaidake Elisa Victoriaren Porn & Pains (Esto no es Berlín, 2013) liburuko artista pornoen lehenengo aldia nolakoa izan zen deskubritzea. Edota aktore pornoenganako miresmena duen Victoriarena bera. Are pedagogikoagoa litzateke Brigitte Vasallok Porno Burka (Ediciones Cautivas, 2013) eleberrian deskribatzen dituen pertsonaien estreinako txortaldiak nolakoak izan ziren ezagutzea. Alegia, hizkuntzak oraindik izendatzen ez dakien sexu joerak praktikatzen dituzten pertsonenak. Vasallo luze mintzatu da polimaitasunaren gainean. Aukera politiko horretan, erotismoak Foucault zein Batailleren ikuspegitik ulertuta nola funtzionatzen duen erakustea ere ez legoke gaizki. Azken batean, sexu enkontrua gauzatzeko, erotismoaren mekanismoak aktibatu behar dira. MTVkoek motz geratu zaigun heteronormatik at dagoen errealitatea islatzeko adorea balute, pozik nintzateke. Baina, bueno, hori erakutsi nahi izatea oraindik estatu utopiko baten parte da.

2014-11-15 / Leire Palacios

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio