Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Hesian taldearen ‘Hegalak astinduz’ disko berria alde batetik, ETB1-eko ‘A ze banda!’ saioa bestetik; egunari gainontzekook baino ordu gehiago ateratzen dizkion irakaslea dugu Zuriñe Hidalgo (Gasteiz, 1990).
Zizur Nagusian genuen egina hitzordua, baina azkenean EITBren Miramongo egoitzan batu gara Zuriñerekin. Disko berria aurkeztera joan dira Fran Urias taldekidea eta biak Zuek hor eta gu hemen saiora, eta nola ez, Alkain eta konpainiak sorpresa bat zuten prest: Betizuren garaietan Zuriñeren kide izan zen Telmoren bisita.
Fran agurtu eta telebistako adrenalina alde batera uzteko, Aiete aldera egin dugu lasaitasun bila. Lankide Nagorek aipatu digu badela paseorako txoko aproposez inguratutako baserri bat, eraberritu ostean kultur etxe lanak egiten dituena. Halaxe heldu gara Katxola etxera. Argazkiak egiten hasi eta denbora gutxira, lehen euri tantak erori dira, eta atarian babestu gara. Orduan, gazte bat agertu da. Baserriko sotoan entseatzen du; bateria-jotzailea da. Bere baimenarekin sartu gara barrura, eta bonbo eta platillo doinuak lagun, azken argazkiak atera eta elkarrizketari ekin diogu.
Lanbidez, haur hezkuntzako eta musikako irakaslea zara. Bokazioz?
Guztiz. Alde batetik, haurrak asko maite ditut eta haiekin lan egitea ikaragarria da. Egunero daukate zerbait berria zuri erakusteko. Bestetik, etorkizuneko pertsonak ongi heztea erronka handia, gure gaurko haurrak etorkizuneko helduak izango baitira, gizartearen isla, eta ondorioz, lan hori ahalik eta hoberen egiten saiatzen naiz beti. Eta lan horretan, musikak beti du bere lekutxoa, musikarekin guztiak hartzen duelako zentzu gehiago.
Zu zeu haurra zinela hasi zinen abesten...
Amonarekin pila bat abesten nuen, eta betidanik izan dut gogoko, nahiz eta oso kontziente ez nintzen. Begira, ezagutzen ez nituen txikitako grabazio batzuk oparitu zizkidan amak, eta horietan ikus naiteke mikrofonoa zuen irratikaseterekin, zinta sartu, play sakatu eta kantak grabatzen. Bospasei urte izango nituen, orduan oraindik Gasteizen bizi bainintzen.
Eta etxeko kamera aurretik, telebistako platora.
Urte batzuk geroago, lehen karaokeak-eta egindakoan, konturatu nintzen gustuko nuela mikroa hartu eta jendeaurrean abestea. Baina oso-oso lotsatia nintzen, autoestimu baxuko neska. Hala ere, ikusi nuenean telebistan casting bat egin behar zutela, apuntatzea erabaki nuen. Ez galdetu nola, ez dakit-eta indar hori nondik atera nuen, baina nahiak beldurra eta lotsa gainditu zituen. Amari esan gabe deitu nuen gainera, eta aipatu nionean… “Zer egin duzula?!” Oso argi gogoratzen dut telefonoa hartu nuen momentua. Gaur da eguna, ez dakidana nola atera nuen lotsa gainditzeko indarra. Agian horri aurre egiteko modua izan zen.
Dei hori egin izan ez bazenu…
Batek daki. Baina deitu nuen, eta castinga egin eta hartu nindutela jakitea nire autoestimuarentzako energia positibo txute bat izan zen. “Ongi egiten dut”, pentsatu nuen. Kantatzea gustuko nuen, baina ez nekien ondo egiten nuen edo ez. Nire buruarengan konfidantza izateko balio izan zidan, eta nahi nuen horrengatik borroka egiteko.
Oso gaztea zinen, hamaika urte, telebistan… frustrazioak barra-barra izaten dira halakoetan.
Amak beti esaten zidan: “Ados, mobida honetan hasiko zara, baina ikusten badugu notak jaisten direla edo zure eginbeharrak alde batera uzten dituzula, akabo”. Hori, beraz, oso argi neukan; are gehiago, notek gora egin zuten. Bestetik, errepikatzen zidaten umea nintzela, oinak lurrean izateko eta lagunak zaintzeko. Eta nik lagunei esaten nien: “Aizue, ikusten baduzue egunen baten aldatu egiten naizela, esaidazue, ez dut aldatu nahi eta!”
Irakurri elkarrizketa osoa GAZTEZULO.com-en