Katxola baserriak ateak ireki ditu igandean

ka1Duela hilabete inguru Donostia inguratzen duten bazterrak ezagutzeko ekimena aurkeztu zuten Club Vasco de Camping-ek eta Donostiako udalak. Igandean, Donostiako Itzuliaren ibilbidean izan da Irutxuloko Hitza, eta hiriko ruta alternatiboak ezagutu ditu. Itzuliaren hirugarren etapa izan da asteburukoa, Añorga Txikin hasi eta Martuteneko 27. poligonoan amaituta. Tartean, Katxola baserria, Miramongo basoa eta inguruko baserri eta sagardotegiak zeharkatzen ditu bideak.

Hain zuzen ere, Katxola baserrian egin dute lehen geltokia ibiltariek. Bertako arduradunek (Lantxabe, auzotarron elkartea) ateak ireki dituzte, eta hamaiketako batekin eman diete bisitariei ongi etorria. Horrekin batera, XVIII. mendeko baserriaren iraganaz mintzatu dira.

Baserrian lehen geltokia egin ondoren, ibiltariek Miramongo basoaren bidezidorrak ezagutu dituzte, eta ondoren Donostialdeko baserri eta sagardotegi ezagun eta ez horren ezezagunak bisitatu dituzte, Martutenera iritsi arte. Bidaia lau ordutan egin dute azalpenak tarteko, baina antolatzaileen esanetan, denbora nahi beste luzatu edo laburtu daiteke. Aurreko etapetan bezala, bidea marra zuriurdinekin zehaztuta dago, eta libreki egin daiteke oinez edo bizikletan.

Datorren etapa, laugarrena eta azkena alegia, otsailaren 22an egingo dute. Informazio guztia udalaren webgunean aurkitu daiteke.

Barroko garaiko dolare ederra

Katxola baserria dolare izan zen urte luzez, eta inguruko gainontzeko baserri gehienen antzera, sagardoa ekoitzi zuen. Gaur egun Miramongo basoaren magalean kokatuta badago ere, ez da hori bere jatorriko kokalekua; 1990an zaharberritu eta lekuz aldatu zuten. Orain, kultur etxe bihurtuta, Munto baserriko dolarea dauka, eta duela bi urtetik sagardoa ekoizten du. Barroko garaiko baserriaren erakargarritasun nabarmenena bere arkitektura da, garaiko baserri dotoreenetakoa izan baitzen. Diseinu berezia du, originaltasun handikoa.

Kultur etxea Aieteko Jauregira mugituko dute aurki, eta hala, Miramongo basoko interpretatze gunea bihurtuko da baserria.

Ane Urrutikoetxea 2015/01/25

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio