Jaio 1933ko martxoaren 19a Newark, New Jersey (Ameriketako Estatu Batuak)
Eraginak
Philip Milton Roth (Newark, New Jersey, AEB, 1933ko martxoaren 19a) nobelagile estatubatuarra da. 1959an argitara emandako Goodbye, Columbus lanarekin lortu zuen arrakasta literatur munduan, 1960ko National Book delako saria eskuratuta . 1969an Portnoy’s Complaint obra best-seller-a izan zen. Geroztik beste hainbat obra idatzi ditu, besteak beste bere alter ego literarioa, Nathan Zuckerman oinarri duten liburuak. Ildo horretako lehen nobela 1979ko The Ghost Writer izan zen. 1997an Pulitzer saria eskuratu zuen sail bereko American Pastoral obrari esker. Rothen lanek sarritan bere jaioterria, Newark, dute eszenatokitzat edo abiapuntutzat, eta izaera autobiografikoa ere haien ezaugarrietako bat da; era berean, errealitate eta fikzioaren arteko mugak lanbro agertzen dira, betiere estilo arinak eta burutsuak marraztuak horiek; eta lanok, juduen eta amerikarren euren identitatearen azterketa interesgarri eta bikain dira. 2012ko urrian, Les Inrockuptibles aldizkariari eskainitako elkarrizketan idazteari lagatzeko asmoa azaldu zuen.
Philip Roth Newarkeko Weequahic izeneko auzoan hazi zen. Europako erdialdetik, Galitziatik, etorritako judutar familia baten ondorengoa zen. 1950ean Newarkeko institutuan graduatu zen, eta ‘Ingeles hizkuntza’ lizentzia ikasteari ekin zion Bucknell unibertsitatean. Chicagoko unibertsitatean jarraitu zuen formatzen, eta ingeles literaturaren gaineko graduondokoa egin zuen (1955); aldi batean bertan jardun zuen irakasle, idazmen ikastaroak ematen, eta horretan jarraitu zuen Iowako unibertsitatean eta Princetonen. Gerora, eta erretiroa hartu arte (1991), Pennsylvaniako unibertsitatean literatur konparatua irakatsi zuen. Ikasketak amaitu eta 1959 bitartean, aurreneko liburua argitaratu zuen artean, bi urtean Ameriketako Estatu Batuetako Armadan izan zen. Saosi horretan narrazio laburrak eta aldizkarietarako iruzkin kritikoak (literatur zein zinemaren arlokoak) idatzi zituen. Chicagoko unibertsitatean Margaret Martinson ezagutu zuen, idazlearen lehenengo emaztea izango zena. 1963an banandu ziren eta Martinson bost urte geroago hil egin zen auto-istripu batean. Margaret, Rothek sortutako andrazko pertsonaietako batzuen inspirazio-iturri izan zen (‘Lucy Nelson’ pertsonaiarena When She Was Good eleberrian, kasu, edo ‘Maureen Tarnopol’ andrearena My Life As a Man lanean).
1990ean, Roth Claire Bloom ingeles aktorearekin ezkondu zen. 1994an elkarrengandik banandu ziren, eta handik bi urtera Bloomek aregitaratutako liburu batean senar ohiaren gainean gogorrak idatzi zituen. Idazleak gerora idatzitako I Married a Communist eleberrian ‘Eve Frame’ pertsonaiak Bloomi egiten dio erreferentzia, eta Rothen mendekua-edo liteke.
Beñat Sarasolak euskarara ekarri du Philip Roth idazle estatubatuarraren ‘Nemesis’ nobela
J.M. Coetzee Nobel saridunaren ustez, ezinezkoa da Philip Roth estatubatuarraren (Newark, AEB, 1933) Nemesis liburuaz (2010) sakon hitz egitea nobelak amaiera aldera ematen duen bira trebea agerian jarri gabe. Hala, The New York Review of Books aldizkarian idatzitako artikuluan, liburuaren sekretua biluzi zuen Coetzeek, iazko urrian. Beñat Sarasola BERRIAko literatur kritikariak euskarara ekarri du Rothen azken eleberria, Meettok argitaletxearen bitartez, eta luze-zabal aritu da itzulpenaren aurkezpenean, baina azken sekretua argitu barik.
Hogeita hiru urteko Bucky Cantor da nobelako protagonista nagusia, 1944ko udan Europako gerra frontera joan nahi izan arren miopiak etxean utzi duen gaztea. Alabaina, bestelako gerra batek harrapatu du Newark hiriko auzo juduan. Polio epidemia Buckyk zuzentzen duen haur jolaslekuraino iritsi da, eta hainbat dilemari aurre egin beharrean ikusiko du bere burua: ikara, izua, sumina, nahasmendua, bihozmina eta oinazea.
Narratzailearen jokoa
«Pertsonaiak bidegurutze moral baten aurrean uzten ditu Rothek», dio Sarasolak. «Erruduntasunaz, patuaz eta zoriaz hausnartzen dute pertsonaiek, baina oso modu naturalean, kontakizunak eskatzen duen erritmoan».
Hiru zati ditu eleberriak, eta azkenean dator ezustekoa. «Hirugarren pertsonan idatzita dago nobela; Bucky ez da narratzailea. Hain zuzen ere, liburuaren azken zatian agertzen da narratzailea, hariak bira egiten duenean».
Itzulpena egitean, menpeko perpaus luze askorekin egin du topo Sarasolak, eta arazoak izan ditu testua euskaratzerakoan. «Nobela bat ezin da hitzez hitz itzuli, baina jatorrizko forma ere ezin da hautsi. Irakurterraztasunaren eta estiloarekiko errespetuaren arteko oreka mantentzea izan da nire erronka nagusia».
Rothen Nemeses: Short Novels saileko azkena da nobela, Everyman, Indignation (Suminez) eta The Humbling liburuen ostekoa. Iragan maiatzean bere ibilbideagatik Man Booker International saria jaso zuen idazleak galdera berarekin egiten du topo lau lanetan: zein erabakik baldintzatzen du halabeharrez bizitza?
Jon Fernandez