Kaleratzeak, pobrezia eta berdintasun ezaren aurkako dekalogoa aurkeztu dute

Lide Ferreira 2015/02/11 Hitza

STOPKaleratzeak Stop eta IRPH Stop Gipuzkoa elkarteek bat egin dute kaleratzeak, pobrezia eta berdintasun eza saihesteko. Izan ere, oinarrizko neurri horien dekalogo bat idatzi dute, alderdi politikoek euren konpromisoa hartu eta dokumentua sinatu dezaten. Gaur goizean Bulebarrean aurkeztu dituzte dekalogoaren nondik norakoak. Bertan, besteak beste, etxebizitza duin bat izateko eskubidea, Kutxa publikoa izatea eta gizarte laguntza gehiago ematea eskatzen dute. Dekalogoa sinatzeko epea otsailaren 28an amaituko da, eta martxoa hasieran elkarteek alderdi politikoek hartu duten konpromisoaren berri emango dute.

Eusko Jaurlaritzaren Behar Sozialei buruzko inkestaren arabera, Euskal Autonomi Erkidegoan 250.000 familia urritasun egoeran bizi dira. Horietatik erdia pobreak dira, eta 90.000 pertsona pobrezia energetikoa pairatu behar izaten dute. Bankuek Alokabide bezalako erakunde publiko eta pribatuak gauzatutako etxegabetzeak gero eta gehiago direla salatu dute, “hilean 60 kaleratzetik gora burutzen dira eta Kutxabank da gehien egiten dituena”. Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunan jasotzen den etxebizitzarako eskubidea hausten dutela adierazi dute, eta Etxebiden izena eman duten 50.000 pertsona errentako etxebizitza baten zain daudela. Hortaz, eta egoera honi aurre egiteko asmoz, ondorengo neurriak eskatu dituzte:

  1. EAErentzako Etxebizitza Legea. Etxebizitza duin baterako eskubide subjektibo, unibertsal eta eraginkorra aitortuko duena. Bankuen gainea isun eta desjabetze sistema bat jasoko duena, alokairu sozialerako etxebizitzen parke publiko batera gehituak izan daitezen.

  2. Alokairu sozialerako etxebizitzen parke publikoa, egun dauden 50.000tik gorako eskabideei aurre egiteko.

  3. Alokabide. Eusko Jaurlaritzak onartu zituen akordioak betetzea, hau da, diru sarreren %30eko mugak errenta eta komunitateko gastuak barne izatea.

  4. EAErentzako bankuei zuzendutako praktika egokien kode bat, etxebizitzen batez besteko salneurria kontuan hartuko duena eta fede oneko zordunei bigarren aukera bat emango diena.

  5. Kontsumitzaileen babeserako europar araudia betetzea. Kontsumitzaileekin sinatutako kontratuen gehiegizko klausularik ez egotea.

  6. IRPHaren aldaera guztiak bertan behera uztea, kobratutako diru guztia itzultzea eta indize horiek Euriborrarekin ordezkatzea.

  7. Pobrezia energetikoa. Oinarrizko horniduren mozketa debekatzea eta ordainagiriei aurre egin ezinari konponbide bat ematea.

  8. Kutxaren pribatizazioa. Egungo eredua berehala desagertzea eskatzen dute, kontrol publikoa eta soziala bermatuko duena lehenetsiz.

  9. Gizarte laguntzak eta gastua. Gizarteari zuzendutako gastuen aurrekontuak handitzea, elikadura, etxebizitza, energia, osasun, hezkuntza eta mendekotasunerako laguntzak asetu arte.

  10. Etxegabetzerik gabeko herriak. Udaletxeek bitartekaritza lana egitea, fede oneko zordunen kaleratzeak ekiditeko.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio