«Materiala eta birtuala dagoeneko ezin dira bereizi»

fffLan ordaindua eta aktibismoa bat dira Padillarentzat. ‘El kit de la lucha en Internet’ liburuaren egilea da, eta ‘Mundo Linux’ aldizkariko zuzendari izan da hainbat urtez.

2015-02-11 / Iker Tubia (Berria)

Ingeniaritza ikasketak egin bazituen ere, okupazio mugimenduan ikasi zuela esan ohi du Margarita Padillak (Bartzelona, 1957). Bere jakintza profesionalak aktibismorako erabili ditu beti. Hain zuzen ere, hacktibismoaz eta Internet gune komunalaz mintzatu da Iruñeko Katakrak gunean, Karlos G. Liberal iruindarrarekin batera.

Internet borrokarako lekua da?

Gaur egun, toki guziak dira borroka leku. Horietako bat da Internet.

Zein dira borroka eremu horiek?

Gardentasunarena eta dokumentazioaren askapenarena alde batetik, pribatutasunarena, eta jaitsierena —kulturarako sarbidea beste borroka eremua baita—. Bestalde, sarearen neutraltasuna ere badago. Hau da, sarean, garraio azpiegiturek neutral beharko lukete garraiatzen dituzten edukiekiko. Ez lukete eduki batzuek beste batzuen gainetik egon behar. Baina garraio enpresa, operadorea eta edukien enpresa batzen badira, orduan eduki batzuek onurak izaten dituzte.

Gazteei dagokienez ere bada zer eginik, ezta?

Badago borroka kultural bat. Ez dago haurrak eta gazteak askatasun digitalen inguruan hezteko etikarik. Mezu bikoitza jasotzen dute: arriskuez ohartarazten duena, baina gero programak lizentziarik gabe jaistera bultzatzen dituena. Mezua ez dago argi, eta heziketaz arduratzen direnek ez dute ulertzen zer gertatzen den.

Bestalde, ingurumenaren afera dugu. Iruditzen zaigu horrek ez duela inolako eraginik, baina hodeiak kalte handiak sortzen ditu ingurumenean. PDFak ordenagailuan gordetzen baditut, lotara joan aurretik itzali egiten dut. Baina hodeian badaude, inoiz ez da itzaltzen. Lotara joan aurretik bonbillak piztuta uztea bezala da.

Azkenik, alor psikologikoan bizitza on bat izatearena eta genero indarkeriari dagokiona dugu. Batetik, intrusio bat da hamar minututik behin pantaila txiki bati kasu egin beharra. Bestetik, gizonek gaizki tratatzen dituzte emakumeak Interneten. Indarkeria ez da soilik norbait jotzea edo bortxatzea. Zure bizitza kontrolatzen dute. Virginia Woolfek aipatzen zuen norberaren gelaren kontzeptua. Norberaren gela konektatua gero eta estuago egiten da, eta, azkenerako, ez duzu gelarik. Horiek guziak alor kulturalean egin beharreko borrokak dira.

Zein dira helburu nagusiak?

Alor bakoitzak berea du. Interneten, jende askok gauzak egiten ditu jende askok hala egiten dituelako. Singularizazioa galtzen duzu horrela. Ez dut nik esanen zer egin behar duzun, baina, gutxienez, pentsatu eta erabaki ezazu zuk zeuk. «Denek egiten dutelako» ez da argudio bat, ez da baliagarria eraldaketa sozialerako.

Batzuetan ezbaian jartzen da sareko borroka, molde tradizionalen kalterako izanen delakoan.

Borroka bera da. Ezin dugu biologikoa eta kulturala banatu, eta, modu berean, ezin da materialaren eta birtualaren artean bereizketa hori egin. Eraldaketa bada helburu, hori egitea ez da onuragarria.

Gobernuek eta enpresek guda piztu dute Interneten?

Gobernuak alde batera utziko ditugu, ez baitakite askorik afera honen inguruan. Baina badira Interneteko kulturan garatzen ari diren enpresak. Horiek oso ongi ezagutzen dute sareen erabilera. Berritasun bat da hori, 2004etik datorrena, 2.0 weba kontzeptualizatu zenetik. Erauzte industrien eredua da hori; badakite ongi non dagoen balioa.

Internet ondasun komuna dela azaldu duzue hitzaldian.

1968ko maiatzetik esan digute segurtasuna nahi badugu amore eman behar dugula askatasunean, eta alderantziz. Software garapenerako komunitateetan askatasuna dago, eta egonkortasuna ere ematen digu.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio