Musika Parkean 2015 egitasmoa Donostia Kulturak, Kultur Ekintza zerbitzuaren bidez, eta Euskadiko Elkarte Filarmonikak garatutako proiektua da eta duen helburu nagusia parkeak kultur aisialdirako leku gisa aldarrikatzea da, eta horren harira, musika, gastronomia eta ingurumena uztartzen dituzten jarduerak proposatzea. Lehen hitzordua apirilaren 25ean izango dugu, Aieteko parkean, Josu Bergara eta Les Fous-ekin, arratsaldeko 14:00etan.
Deialdi irekien bidez, hilero piknik eta kontzertu bana antolatuko da hiriko hainbat parketan. Horrela, herritarrei jarduera horietan parte hartzeko gonbitea egingo zaie, euren janaria eramanez, zuzeneko musikaz gozatuz eta hiriko parkeek eskaintzen diguten ingurune naturala zainduz.
Egitarau zehatzari dagokionez, jarraian 2015eko apirila eta iraila bitartean izango den programazioaren aurkezpena egingo dugu. Jarduera batzuk guztiz lotu gabe daude oraindik, baina datorren apirilaren 25ean Aieteko Parkean, Josu Bergara eta Les Fous ariko dira.
Eguraldi txarra iragarri dutenez, Aieteko Musika Parkean bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Joan den astean ere bertan behera utzi behar izan zuten, euria egiteko arriskua zegoelako, eta larunbat honetan egingo zutela jakinarazi zuten. Asteburu honetan ere ez da posible izango, beraz Aieteko parkean ez dute egingo. Musika Parkean programako hurrengo emanaldia Altzako Tomasene parkea zen, eta bertan estreinatuko dute seigarren denboraldia, maiatzaren 23an.