Miramon basorako proiektua geldiarazi dutela salatu du EH Bilduk
Irutxuloko Hitza
EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranen esanetan, Lantxabeko bizilagunekin adostu zuten proiektua. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Miramon basorako proiektua geldiarazi dutela salatu du EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranek. Lantxabeko bizilagunekin adostu zuten proiektua aurreko legegintzaldian, eta udal gobernuak geldiarazi egin duela adierazi du zinegotziak: “Aurreko gobernuak Lantxabe auzo elkartearekin adostu zuen proiektua partaidetza prozesu baten ondorioz, eta gobernu berriak inolako azalpenik eman gabe zokoratu du”.
Proiektua Lur Paisajistak SL enpresari esleitu zioten Miramon basoa hobetzeko proiektua 2013ko ekainean, udalak, Miramon Teknologia Parkeak eta Lantxabe auzo elkarteak bideraturiko ideia lehiaketaren ondorioz. Burutaranek azaldu duenez, irisgarritasina hobetu eta illunbe aldera zabaltzeko helburua du proiektuak, eta 1.243.772 euroko aurrekontua adostu zuten. Proiektua 8 hilabeteetan burutzekoa zuten, behin onespena emanda.
Zinegotziaren esanetan, ulertzen zaila da udal gobernuaren erabakia, 70 hektareako basoa hiritar guztien eskura egotea zuelako helburu: “Errotatxo, Katxola eta Illunbetik sartzeko aukera aurrikusti genuen, oinezkoentzako ibilbideak eta seinaleak hobetuz. Espezie arriskutsuak kendu eta bioaniztasuna babesteko plana ere zehaztu genituen”.
Burutaranen arabera, parte hartze prozesua gelditzeak ez du azalpenik, teknikarien txostenak ere proiektuaren aldekoak zirelako: “Gobernu honen lehen neurrietako bat herritarren gozamenerako proiektu estrategiko bat geldiaraztea ez da hasiera ona izan”.