Ricardo Burutaranek Miramón Basoa babesten du

12MIRAMON BASORAKO PROIEKTUA ONARTZEA GELDIARAZI DUTE EAJ ETA PSOE ALDERDIEK

Partaidetza prozesu baten ondorio izan da proiektuaren erredakzioa, Lantxabe auzo elkartearen eta Udalaren artekoa.

Mahai gainean utzi zuten gaia joan den astean, inolako azalpenik gabe, teknikarien aldeko txostenak izan arren.

Mahai gainean onartu gabe utzi zuen udal Gobernu berriak proiektua, hasieratik Lantxabe auzo elkarteak aurreko udal Gobernuarekin luzaroan landutakoa.

Lur Paisajistak SL enpresari esleitu zioten Miramon basoa hobetzeko proiektua 2013ko ekainean, Donostiako Udalak, Miramon Teknologia Parkeak eta Lantxabe auzo elkarteak bideraturiko ideia lehiaketa baten ondorioz.

Bateko, egungo hiri basoan hautemandako arazoak hobetzea proposatzen du proiektuak, besteko, irisgarritasuna hoberatu eta Ilunbe aldera zabaltzea, beste bide berri bat sortuta. 1.243.772,65 €-ko aurrekontua (BEZ eta guzti) eta 8 hilabetean egitea (zuinketa akta sinatzen denetik) jasotzen ditu Miramon basoa hobeagotzeko azken proiektuak.

Zaputzaldi ederra ekarri die auzotarrei aztergai garrantzizko hori mahai gainean uzteko erabakiak, teknikarien aldeko txosten guztiak izan arren, auzoa ez ezik hiria bera ere hobetzeko proiektu batean ordu eta ahalegin eskergak eman baitituzte. Ia 70 hektarea da hiri inguruko baso hori.

Nekez uler daiteke zergatik erabaki duten hori, hiriko gune bat eta alde hartako irisgarritasuna hobetu nahi baititu herritar guztientzat hiru sarrera gehiago zabalduta (Errotatxo, Ilunbe eta Katxola), eta, gainera, oinezkoentzako ibilbideak eta seinaleak ere hobetzeko asmoa ere badu, hiri lotuak indartzen ditu, baso aldean esku hartzen —espezie inbaditzaileak kenduz; esaterako, akaziak—, eta baso atlantiko bat ezartzen, haritzak, gereziondoak, gaztainondoak, astigarrak, hurrondoak, intsusak, zuhandor gorriak eta abar landatzearen bidez.

Halaber, bioaniztasunaren alde egiten du, basa faunari lagunduko baitio gordelekuak eratuta (Saguzar, triku, muxar gris, hontz eta urubientzat) edo basoko hegazti intesktujaleentzako habiak ezarrita, urmaela berreskuratzeaz gain.

Ez da hasiera ona izan eratu berri den udal Gobernu honen lehen neurrietako bat izatea herritarren gozamenerako proiektu estrategiko bat geldiarazteko erabakia, horrelakoxea baita Miramon basokoa, eta ezinbestekoa da bertatik bertara atzera egitea, herritarrek eta Udalak izandako prozesuari zor dion begiruneagatik, erakundeak bere egindako konpromisoei zor dien errespetuagatik, finantzabideena konponduta dagoelako Teknologia Parkeak hobekuntza lanetarako ordainduriko kantitateari esker, eta politika egiteko modu berri bat delako.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio