2007an baino 4.500 langabe gehiago egon arren, Donostiak nahiko ondo egin dio aurre krisialdiari. Besteren artean, turismoaren bultzadari esker. Turismo hori jasangarria izatea da datozen urteetan hiriak duen erronketako bat.
«Ez dago esaterik krisialdiak Donostian kalterik eragin ez duenik, baina uste dut Donostiaren argazkia baikorragoa dela, inguruko beste hiri batzuekin konparatuz gero». Donostiako Sustapeneko zuzendari Euken Seserenak dira hitz horiek. Krisialdia hasi zenetik lehen aldiz, 2014an langabezia tasak beheranzko joera hartu zuen Gipuzkoako hiriburuan, eta barne produktu gordina %1,5 hazi zen. Seseren esanetan, turismoaren bultzada «erabakigarria» izan da Donostiako ekonomiari eusteko. Turismoaz gain, beste zenbait sektore ere aipatu nahi izan ditu, ordea. Ikerketa, garapena eta berrikuntza, adibidez. Sektore horri barne produktu gordinaren %2,7 inguru ematen diote gaur egun. Bestetik, enplegu publikoa nabarmendu du Sustapeneko zuzendariak. «Garrantzitsutzat» jo du Euskal Herrian sektore publikoan lanpostu gutxi galdu izana.
Hirugarren sektoreak Donostian duen garrantziaz jabetzeko, enpresa kopurua aztertzea besterik ez dago. Iazko datuen arabera, hiriko 18.767 enpresetatik 16.336k zerbitzuen sektorean egiten dute lan, eta horietatik 6.366k turismoari zuzenean lotutako jardueraren batean: merkataritzan, garraioan edo ostalaritzan. Gutxiengoa dira, beraz, eraikuntzan, industrian edo nekazaritzan jarduten duten enpresak: 1.746, 606 eta 78, hurrenez hurren.
Datu horiek berretsi egiten dira lanpostuak jardueraka aztertuz gero. Guztira, 88.150 lanpostu zeuden iazko urtearen amaieran. Bada, hiru jarduera multzori zegozkien horietatik hiru laurden. Administrazio publikoan, hezkuntzan eta osasungintzan ziharduten 26.280 langilek «%29,8»; merkataritzan, garraioan edo ostalaritzan 21.880 langilek «%25″; eta jarduera profesionalen batean 18.022k»%20,4». Lanpostu kopuruari dagokionez, nabarmen atzerago daude gainontzeko jarduerak. Eraikuntzan, adibidez, 5.445 herritar ari ziren lanean «%6»; industria eta energiaren sektorean, 3.819 «%4,3», eta informazioaren edo komunikazioaren alorrean, 3.366 «%3,8».
Langabezia tasa txikiagoa da Donostian Gipuzkoa osoa kontuan hartuta baino. 2007az geroztik, gutxienez puntu bat azpitik egon da beti. Langabezia datuek erakusten dute inguruko hiriek baino hobeto egin diola aurre krisiari. Donostiak gehienez %12,7 izan du langabezia tasa «2013. urtearen amaieran», eta egun %11,4 da, uztaileko datuen arabera. Bilbo, Gasteiz, Iruñea edo Baionakoa, adibidez, %15 inguru da. Azken zortzi urteotako bilakaera aztertuta, ordea, oraindik tartea dago lehengora itzultzeko. Izan ere, 10.224 langabe daude, 2007an baino 4.500 gehiago.
Langabeen kopurua apurka-apurka beherantz egiten ari da, ordea, eta hori «aurrerapausotzat» du Sesek. Hala ere, «ezinbestekotzat» jo du hobekuntza horrek «kalitatezko» enpleguarekin lotura izatea. Sustapeneko zuzendariaren arabera, 35 urtetik beherakoen enpleguaren kalitatean arreta jarriz gero, arazo bat du Donostiak. «High cost» hiri bat da, eta, egungo soldatekin, bertan bizitzeko zailtasunak dituzte herritar askok, gazteenek batez ere. Sesek nabarmendu du hiririk zaharrenetakoa dela «44 urte, batez beste», eta gazteak hein handi batean helduenen diru sarrerei esker bizi direla. Egoera horri buelta eman nahian, udalak jakinarazi berri du 2020a bitartean sei milioi euro erabiliko dituela langabe gazteak lan munduan sartzeko helburuarekin. Programaren erdia Europaren Gizarte Funtsak finantzatuko du.
2016an, bisitari uholdea
Sustapeneko zuzendariaren arabera, turismoa jasangarria izatea da Donostiaren beste erronka nagusienetako bat. Urtez urte, bisitarien kopurua hazten ari da, baina, Seseren esanetan, «kontuz» ibili behar da hazkunde horrekin: «Arriskutsua izan daiteke Venezia edo Bartzelona bezala amaitzea». Ohartarazi du donostiarren %15 turismotik bizi direla, baina beste %85 ezetz. Ondorioz, elkarbizitzan arazoak sor daitezkeela: «Maiatzetik irailera bitartean hondartzak jendez beteta egotea nahi dugu? Alde Zaharra pintxoen jolas parke bilakatu nahi dugu? Gauza askoren inguruan pentsatu behar dugu». Seseren ustez, «ezinbestekoa» da gai horiek herritarrekin eztabaidatzea.
2016an, gainera, Europako kultur hiriburu izango da Donostia, eta horrek bisitari gehiago erakarriko ditu hirira «bederatzi milioi bisitari inguru espero dituzte». Donostiako Sustapenaren aurreikuspenen arabera, 200 milioi eurotik gorako hazkundea eragingo du horrek hiriko ekonomian. Batez ere, ostalaritzaren sektorean igarriko dute hazkunde hori «erdia inguru». Seseren ustez, «une kritikoa» izango da 2016. urtea. «Ondo kudeatu behar da hainbeste bisitariren sarrera, herritarrek arazo gisa ikus ez dezaten». Alde horretatik, uste du kultur hiriburutzak ez lukeela mugatu behar datorren urtera soilik: «Hiriburutzaren alde onak hartu behar ditugu, hurrengo urteetan sakontzen jarraitzeko».
Ostalariek ez dute begi txarrez ikusiko Donostia 2016aren balizko bultzada hori. Izan ere, azken urteak ez dira batere errazak izan haientzat. Ez, behintzat, establezimendu kopuruari erreparatuta. Sustapenak hiriko ekonomiaren inguruan urtero argitaratzen duen txostenaren arabera, azken urteetan nabarmen jaitsi da enpresa edo establezimendu kopurua; 2011n, 20.395 zeuden, eta 2014an, 18.767. Epe horretan, eraikuntzaren sektoreko enpresak gutxitu dira batik bat «2.387 ziren; 1.746 dira orain». Hala ere, merkataritza eta ostalaritza sektorean ere establezimendu kopurua dezente murriztu da «6.794 ziren, eta 6.366 dira orain». Saltoki txikiek zailtasun ugari izan dituzte beren negozioei eusteko. Batetik, krisialdi ekonomikoarekin egin dute topo aurrez aurre, eta, bestetik, gero eta zailago zaie saltoki handienekin lehiatzea.
Zaharrean Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak 50 denda eta taberna inguru biltzen ditu, eta, elkartearen koordinatzaile Mari Mar de Sosak azaldu duenez, hainbat dendarik kezkaz begiratzen diote beraien etorkizunari: «Bulebarreko sarreran harresi bat balego bezala igartzen dute. Askok taberna eta jatetxeekin bakarrik lotzen dute Parte Zaharra, eta ez dira hara joaten erosketak egitera. Erdialdean gelditzen dira». Ondorioz, zenbait dendek pertsiana itxi behar izan dutela azaldu du De Sosak: «Gero eta lokal gehiago daude itxita. Inoiz ez da erraza krisialdi bati aurre egitea, baina are zailagoa da denda txikia baduzu, eta produktu jakin batzuk saltzen badituzu».
Egoerari konponbidea eman nahian, Donostiako erakundeekin elkarlanean ari da Zaharrean elkartea. «Erronka nagusiena da Parte Zaharreko dendek urteetan izan duten ospea, konfiantza eta segurtasuna itzultzea».
Parte Zaharrean ez ezik, Donostiako beste hainbat auzotan ere badituzte zailtasunak merkatariek. Altzan, adibidez. Horiei konponbidea eman asmotan sortu zuten Auzoa elkartea, duela hamasei urte. Altzan, 160 saltoki inguru daude, eta horien herena inguru dira elkarteko kide. «Jendea Garbera merkataritza gunera joaten da erosketak egitera, edo hiriaren erdialdera, bestela», azaldu du elkarteko arduradun Maitane Lizeagak. Hori dela eta, urte osoan hainbat kanpaina egiten dituzte Altzako herritarrek auzoan bertan eros dezaten. Lizeagaren ustez, garrantzitsua da Altzako merkataritza sustatzea. «Mugimendua dagoen auzoetan komertzio berriak zabaltzen dira». Lanpostuak sortzeaz gain, horrek auzoa biziberritu dezakeela nabarmendu du: «Erakundeek, ikusten dutenean auzoren batean mugimendu handia dagoela, inbertsio ekonomiko handiagoa egiten dute, dela errepideetan, garraioan edo parkeetan».
Auzoen arteko «kohesioa»
Auzoa elkartea Donostiako Sustapenarekin ari da elkarlanean. Azken lau urteetan lankidetza hitzarmena sinatu dute. Diruz laguntzeaz gain, zenbait ekintza egiten ere laguntzen dio Altzako elkarteari: marketin lehiaketak egiten dituzte, deskontu kanpainak, berritzaileen tailerrak… «Sustapenaren laguntzarik gabe, ekintza asko ezingo genituzke egin», adierazi du Lizeagak.
Sesek azaldu du auzoen arteko «kohesioa» indartzea ere Donostiaren lehentasunetako bat dela. Horregatik ari dira lanean auzoetako elkarteekin, eta kasu batzuetan «emaitza onak» lortu direlakoan dago. Altzan, adibidez. Beste zenbait auzotan hain ondo funtzionatu ez badu ere, bide horretan urratsak egitearen alde agertu da: «Pozgarria litzateke, adibidez, turistak, erdigunera ez ezik, gainontzeko auzoetara ere erakartzea». Grosen kasua jarri du adibide: «Biziberritu egin da».
Donostiaren argazkia «baikorra» da, baina datozen urteak garrantzitsuak izango dira are argazki orekatuago bat lortzeko. Lehen erronka nagusia datorren urtean dute. Lan egin beharko dute kultur hiriburutzaren harira espero duten bisitari uholdeak bizikidetza arazorik sortu ez dezan. Gainontzeko erronkak ahaztu gabe, ordea. Turismoari ez ezik, beste sektoreei ere begiratu beharko diete, eta auzoen arteko aldeak murrizteko lanean segitu beharko dute, gazteen enplegua sustatu beharko dute, merkatari txikien zailtasunei aurre egin…
2015-08-20 / Arnaitz Lasarte / BERRIA