Donostia Kirolak hiriko kirol baliabideen bilatzailea jarri du webgunean

1Donostia Kirolaren webguneak funtzionalitate berri bat sartu du ‘Bilatu zure kirola’ izenpean, hain zuzen ere, hiriak eskaintzen dituen kirol baliabide guztien artean edozein kirol jarduera bilatzeko aukera emango duen funtzionalitatea. Aurten webgunean 300.000 bisita gaindituko direla espero da.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, aplikazio berri hau hiru ataletan dago banatuta: Agenda, Kirol erakundeak eta Kirol instalazioak. Agendaren atala, lehendik webgunean zegoena, berritu egin da eta hirian antolatzen diren kirol jarduera ugarien artean bilatzeko aukera ematen du. Agenda honek jolas izaerako kirol jarduerak, txapelketa ofizialak edo hiriko goi mailako kirol taldeen norgehiagokak biltzen ditu. Agenda honetan kirola eta dataren arabera bila daiteke eta baita kirol jardueren historikoa ikusi ere.

‘Kirol erakundeak’ atalean, hiriko kirol elkarte eta federakuntzak, gimnasio pribatuak eta kirol medikuntzako zentroei buruzko informazioa aurkituko du hiritarrak. Bilaketa kirol modalitatearen arabera edo erakunde motaren arabera egin daiteke.

Azkenik, ‘Kirol Instalazioak’ atalean, hiriko kirol instalazio guztiak -publikoak zein pribatuak- aurkitu ahal izango dira, baina bakarrik hiritar guztientzat sarrera irekia dutenak (ikastetxe, urbanizazio eta antzekoak ez dira sartu).

Era honetan, kirol bat aukeratzen badugu, saskibaloia esaterako, bilatzaileak hirian programatuta dauden saskibaloiko jarduerei buruzko informazio ekarriko digu, baita kirol modalitate hori eskaintzen duten klubena eta saskibaloia praktika daitekeen kirol guneena ere.

Bilatzaile berri honekin, Donostia Kirolak bere webgunean funtzionalitate berriak sartzen jarraitzen du, hiritarren kirol praktika errazteko asmoz. Webgunearen bisiten bilakaerak erakusten duen moduan, gero eta gehiago erabiltzen ari da, azken hiru urteetan ia hirukoiztu egin da, eta aurten 300.000 bisita gaindituko dira.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio