Hona gogoan iltzatuta geratu zaigun argazki bat: Obama eta haren inguruko politikari eta militar hurbilenak, pantaila bati begira. Oso serio daude, atezuan, beisbol partida bateko bateatzailea garaiz iritsiko ote den baleude bezala. Bin Ladenen azken momentuen lekuko pribilegiatuak ditugu, oso urrutiko akzio bat segitzen ari dira. Ikuskizunak lotuta dauzka. Hiroshima eta Nagasaki bonbardatu zituztenek aratz-aratz ikusi zituzten bi hiriak lehergailuen miragailutik; botoia sakatu zuten. Ordutik, halaxe jokatu dira gerretako momentu goren nagusiak: miragailutik, pantailan, trepeta interaktiboetan. Urrutiramenduak dakarren hoztasunetik. Distantzia gero eta sideralagoetatik. Bulegoetako besaulkietatik. Odolaren usaina sentitu gabe, hildakoen garrasiak entzun ezinik, erruki pixka bat sentitzeko arriskua baztertuta. Kontsola batekin jolasean bezala.
Anjel Lertxundi