Italo Svevo —jaiotza-izena: Aron Ettore Schmitz— (Trieste, Italia, 1861 – Motta di Livenza, Italia, 1928) italierazko idazlea izan zen. Svevo kultura handikoa zen; idazle errealisten, italiar, frantses eta aleman klasikoen, Schopenhauerren eta, batez ere, Freuden eragina izan zuen, eta bizi izan zen artean arrakastarik izan ez bazuen ere, haren ekarria garrantzi handikoa izan da XX. mendeko literaturan.
Bavarian egin zituen ikasketak, eta alemana ikasi zuen. Banketxe batean hasi zen lanean, eta bere lehen eleberriak, Una Vita (1892, Bizitza bat), badu giro horren arrastorik. L´Indipendiente egunkarian kritikak eta artikuluak idatzi zituen. 1898an argitaratu zuen bigarren eleberria, Senilità (Zaharreria). Bi eleberri horien arrakasta ezagatik etsita, literatura utzi zuen aldi batez.
Senilità lanaren lehenengo argitalpena
Bitartean, bankua utzi, eta enpresa handi batean hasi zen lanean, zuzendari gisa, eta Europa osoan zehar ibili zen bidaian, Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian bizi izan zela. 1896an Diario per la fidanzata (Andregaiarentzako egunkaria) idatzi zuen, burgesia gogor kritikatzen zuena. 1904an James Joyce ezagutu zuen, eta haren eragina eta bultzada izan zuen. 1923an La coscienza di Zeno (Zenoren kontzientzia) maisulana idatzi zuen, hasieran Joycek famatu eta gero kritikari askok goraipatu zuten eleberria, psikoanalisiaren teoria literaturara aldatzen zuena.
1927an Vino generoso, eleberri laburra, eta 1928an Una burla riuscita, ipuin-bilduma, argitaratu zituen. Auto-istripu batean hil zen. Hil ondoren argitaratutako liburuak: La Novella del buon vecchio e della bella fanciulla (1930, Agure onaren eta neskatxa ederraren ipuina), Corto viaggio sentimentale e altri racconti inediti (1949, Bidaia labur sentimentala eta argitara gabeko beste kontakizun batzuk), Saggi e Pagine Sparse (1954, Saiakerak eta orrialde solteak), Commedie (1960, Komediak).