Klima aldaketa. COP21, Parisko goi bilera
Mundua Parisera begira dago gaurtik. Klima aldaketaren gaineko COP21 goi bilera hasiko da han, eta zientzialariek ezarritako bi graduko berotze orokorraren marra gorria ez gainditzeko zer egingo duten azaldu beharko dute estatuek. Kyotoko Protokoloa ordezkatzeko azken aukera izango da.
Klima aldaketari buruzko Parisko goi bilera
Polizia Parisko manifestariei oldartu zaie eta hainbat atxilo hartu ditu
Giza kateak amaitu ostean Errepublika Plazan elkartu diren manifestariak negarra eginarazteko gasarekin sakabanatu dituzte.
Poliziaren eta manifestarien arteko liskarren irudi bat.
Atentatuen ondotik ezarritako larrialdi egoeraren baitan, manifestazio oro debekatu dute Parisen. Alta, hamarka manifestari Errepublika Plazan elkartu eta polizia hesiari aurre egin die. Haien kontra gogor oldartu da polizia, eta hainbat atxilo hartu ditu. Hainbat hedabideen arabera, 100 manifestari inguru atxilotu dituzte.
Efe berri agentziak lekukoen adierazpenetan oinarrituta zabaldu duenez, manifestari baino polizia gehiago zeuden. Poliziak, besteak beste, negarra eginarazteko gasak erabili ditu manifestariak sakabanatzeko.
Manifestazio horren aurretik 22.000 zapata pareekin bete dute Errepublika Plaza manifestatzeko debekua salatzeko. Halaber, giza kateak egin dituzte aldaketa klimatikoa geldiaraztea eskatzeko. Horiek amaitutakoan izan dira liskarrak.
Mundu osoan hainbat hiritan egin dira protestak xede berberarekin.