Azken urteetan, bertsolariak kalez kale aritu dira kantuan, baina, aurten, oholtza gaineko saio bat egin dute, eguerdian, Kursaal parean dagoen Picachilla garagardotegian. Bertso saio musikatu horretan, bat-bateko bertsoak osatu dituzte Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amurizak, eta Rosi Lazkano eta Nerea Elustondok, berriz, bertso jarriak eskaini dituzte. Saioaren gidaritza Estitxu Eizagirreren esku egon da, eta Idurre Eskisabel kazetaria eta Eñaut Asurabarrena musikaria arduratu dira «saioan klima aldaketak eragiteaz», gitarraz musikatutako testuen bidez. Azken horiek Arkaitz Goikoetxea eta Ainhoa Agirreazaldegiren laguntza izan dute gidoia eta gaiak lantzeko.
Donostiako Kursaal jauregian egingo da Bertso Eguneko ekitaldi nagusia, 18:00etatik aurrera. Saio nagusiak gehiago izango du saio arrunt baten itxura, azken urteetako saio esperimental eta kontzeptualena baino. Hala azaldu zuen Aitor Mendiluze bertsolariak, saio hori prestatzen aritu direnetako batek: «Jaialdi ohikoaren formatua izango du. Hamar bertsolari dira, baina bi taldetan banatuko dugu saioa, bi zatitan. Jaialdi nahiko normal bat geratuko zaio talde bakoitzari. Ez da jaialdi batean adina bertso izango bakoitzarentzat, baina nahiko jaialdi arrunta izango dute».
Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu ariko dira arratseko saioan