Ez dok Amairuren garaietara begira

BENITOLau ikerlari gaztek hartuko dute parte ostiral honetan Tabakaleran egingo den ‘Ez dok Amairu oroituz’ jardunaldianOrain dela aste batzuk San Telmo museoan otsailaren 14ra arte ikusgai dagoen Ikimilikiliklik instalazioaren harira egin zuten moduan, ostiral honetan, urtarrilak 29, zenbait ikerlari gazte izango dira ‘Ez dok Amairu oroituz’ jardunaldiaren protagonista Tabakaleran. UPV/EHUko Mikel Laboa katedrak antolatutako jardunaldian, hain zuzen lau ikerlari gaztek gaur egunetik atzera begirada egingo dute, 19:00etatik 21:00etara bitartean.

Hala, Ana Gandarak ‘Ez dok Amairuren garaia: hurbilketa bat hitzaldia eskainiko du, kultura-ideien ikuspegitik. Enrike Hurtadok Ez dok Amairuren jardunean txalapartaren eta musika garaikidearen arteko uztarketa aztertuko du eta Oier Araolaza, berriz, Ez dok Amairuk dantza tradizionalari eman zion lekuaz mintzatuko da. Amaitzeko, Imanol Artolak Benito Lertxundiri buruz egin duen ikerketa azalduko du. Iñar Sastre pianojolea izango dute lagun, eta Ez dok Amairuren jardun diziplinartekoari oihartzun eginez, gaur egungo proiektu bat, musika, irudia eta hitza uztartzen dituena, eskainiko da, Harkaitz Cano, Antton Olariaga, Jexuxmai Lopetegi eta Mitxel Muruaren ‘Itzal Zaunka’.

Sarrerako hitzak Juan Cruz Igerabide Mikel Laboa katedrako zuzendariak egingo ditu: «60ko hamarkada: gizartea diktaduraren eta erlijio-zamaren pean, kapitalismoa minbizi antzo garatzen migrazio bortitzak eraginez, eta Europatik aire berriak, esaterako marxismo modernoa, Vatikanoko II. Kontzilioa edo existentzialismoa, orobat Amerikatik, Hego Amerikatik askatasun-mugimenduak, Ipar Amerikatik Vietnamgo Gerraren kontrakoak edo hippieak, hurernez hurren».

«Egoera horretan- dio Juan Cruz Igerabidek-, kultura-berritze mugimendu indartsuak agertzen dira Euskal Herrian, hala plastika arloan, nola musikan edo antzerkian, horien artean Ez dok Amairu. Utzi zuen arrastoari begiratuta, talde bat izatetik kultura bizitzeko mugimendu bat izatera iritsi zela esan daiteke, gaur oraindik ere haren eragina bizirik baitago euskal kulturan».

dv | donostia

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio