Irailaren 4a arte egongo da erakusketa ikusgai, Aiete kultur etxean.
Lesbos, Europara sartzeko lehen urratsa. Horixe da Javi Julio argazkilari eta kazetari donostiarraren erakusketaren izenburua. Eta horixe, bere argazkien bidez erakutsi nahi duena: Gerratik ihesi, Europara igaro nahian datozen ehunka pertsonen drama.
Urritik azarora egon zen Julio Lesbos uhartean, hiru astez. Eta han jasotako 29 argazkirekin osatu du erakusketa. Etzi, ekainak 30, zabalduko dute, eta irailaren 4a arte egongo da ikusgai.
Nerviofoto taldeko kidea da Julio, eta beste lagun batekin izan zen Grezian. Ihesean zetozen pertsonen iristea da euren kamerekin jaso dutena. Eta sarri, kamerak bazterrean utzi, eta boluntarioei laguntzen aritu zirela aitortu du argazkilariak: “Benetan tragedia bat da han gertatzen dena. Erraz saihestu ahal luketen tragedia bat. Zeren, Turkia eta Greziaren artean zazpi kilometroko bidea egin behar dute soilik, eta bide hori kontrolatzea erreza da, jendea uretan hiltzen utzi beharrean”. Gogor salatu du Europar Batasunaren arduragabekeria zentzu honetan.
Julio Lesbosen egon zen garaian egunero 70-80 txalupa heltzen zirela azaldu du: “3.000-4.000 pertsona zebiltzan nora ezean gau eta egun”, esan du.
Afganistan, Siria, Irak, Kurdistandik…ihesi datozen errefuxiatuen bizi baldintzak ikustea izan da argazkilari donostiarra gehien hunkitu eta ernegatu dutena: “Harrigarria da Europan errefuxiatu gune batean halako bizi baldintzetan ikustea jendea: hotzak, tapakirik gabe, gosez…”.
Zaila egin zaio argazkiak ateratzea, baina beharrezkoa dela uste du egoera salatzeko eta ikusarazteko: “Boluntario asko eta asko hango egoera irudietan ikusita joan dira laguntza ematera. Ez da egoera atsegina, baina errealitate bat da”.
Errefuxiatuen egoera bistaratzeko eta jendartea ohartarazteko egin du erakusketa Javi Juliok. Irudiak azaltzeaz gain, bera bizipenak eskaintzeko aukera ere izango du bi bisita gidatutan. Ostiralean, uztailak 1ean, 12:30ean eta uztailaren 13an, 11:30ean eskainiko ditu bisita gidatuak Juliok berak.
Izena emateko 943481732 telefonora deitu edo Kulturaniztasuna@donostia.eus helbidera idatzi behar da.
Doinu kurduak
Errefuxiatuen egunaren harira, Gani Mirzo musikari kurdu-siriarrak kontzertua eskainiko du ekainaren 30ean, Aquariumen, 20:00etan.
El laberinto burocrático de la petición de asilo para los refugiados en Grecia
http://revistaalexia.es/cual-es-la-fuerza-de-un-gobierno-cronicas-antiheroicas-griegas-iv/