Aieteko Munto plaza zabalik dago, auzokoen gozagarri. Eraikin historikoa zutik mantentzeko borrokatu ziren urteetan bizilagunak, baina 2013an erortzeko zorian zegoela, bota egin zuten.
Ezaguna izan zen Aieteko Munto baserria. Urrestarazu familia bertan bizi izan zen, eta, aurretik, makina bat funtzio izan zituen eraikinak: komentua, ospitalea, sagardotegia, eta taberna. Gainera, ospe handia omen zuen Muntoko sagardoak. Eraikinaren egoera tamalgarria zela eta, 2013ko otsailean bota egin zuten. Edonola, bizilagunen borrokari esker, baserriaren pareta bat zutik dago, eskailera eta guzti, eta eraikina zegoen lekuan, plaza bat ireki berri dute.
Munton jaiotako azken belaunaldia, Urrestarazu familiako lau anai-arreba izan ziren: Ixidro, Juakina, Juanita, eta Benita. Juakina eta Juanita dira bizirik dauden bi ahizpak, eta plazaren aurkezpenean egon ziren, joan den ostiralean; Juanito ere beraiekin egon zen, Juakinaren senarra. «Benita 32 urterekin hil zen, ezkondu eta zazpi hilabetera; oso gogorra izan zen. Gure amak hirukiak ere izan omen zituen, baina ez ziren bizirik atera», dio Juakinak. «Nire gurasoen izeba-osabak ziren sagardotegia zutenak. Haiek hil zirenean, nire ama ezkondu zen baserriko morroiarekin, eta haiek hartu zuten ardura», gehitu du.
Gurasoek Fernando eta Manuela izena zuten: «Aita morroi sartu zen baserrian, gure izebarekin. Ama baserriko iloba zen, eta han elkartu zen gure aitarekin. Gero, gure aita 43 urterekin hil zen, eta orduan, baserrirako laguntza izateko, gure ama ezkondu zen bere koinatuarekin, Ramon, alarguna geratu zena, eta berarekin bizitu izan ginen».
Ongi gogoan du Juakinak, sagardo txarra atera zitzaieneko pasartea, zigortuak egon baitziren. «Bagenuen 7.000 litroko upel bat, eta gainontzekoak bezala bete genuen sagardoz. Txar samarra atera zen, eta dena edalontzitan saldu behar genuen, gainontzekoak bezala. Zazpi hilabete eman genituen etxetik ia atera gabe, mezetarako bakarrik».
Sagardotegiak zuen lana izugarria zela dio Juakinak: «Upelak guk garbitzen genituen, lan gogorra izaten zen, bost genituen. Goian, sotoa zegoen mahaiekin, eta sukaldearekin. Txarroetan mahai guztietara sagardoa eraman behar izaten genuen; zenbat korrika saio, eta zenbat errieta jasotzen genituen, hobe ez kontatzea!».
Urteak dira Aiete utzi zutela Muntoko seme-alabek. Juakina, esaterako, Parte Zaharrean bizi da: «Gutxi etortzen gara hona. Ni 24 urterekin ezkondu nintzen, eta 79 ditut, beraz, pentsa!».
Karlistadetan erre zuten
Hiriko baserri gehienen moduan, Karlistadetan Muntoren barrualdea erre zuten, baina zutik iraun zuen. Urteen joan etorrien ondorioz, ordea, Urrestarazu familiak baserria utzi zuen, eta bertan eurentzako etxebizitzak osatzen saiatu zen arren, Donostiako Udalak baimena ukatu zion. Hala ere, mantentze gastuak ordaindu behar izan zituen familiak. Azkenean, gastu horiei aurre egin ezinik, eraikina arkitekto talde bati saltzea erabaki zuten. Jabetza saldu aurretik, ordea, dolarea eta sagardoa ekoizteko erraminta eta pieza etnografiko guztiak Aieteko bizilagunen Lantxabe elkarteari ematea erabaki zuten. Hala, sagardoa egiteko erabiltzen zuten dolare hark zutik dirau, izan ere, Muntoko dolarea Katxola baserrira eraman zuten, 2007an. Gainera, sagardoa egiten dute urtero bizilagunek, jai ederra ospatuz.
Iazko irailean hasi zituzten plazaren lanak, eta obrek, guztira, 180.000 euroko kostua izan dute. Beheko solairuan, errepidearen parean, bodega utzi dute, kristalezko ate batekin. Bodega horretan, Katxola baserriko dolarea jarri dute. Goialdean, agertoki bat prestatu dute, eta panel bat ere jarri dute, Aieteko argazki orokor batekin; bertan, garai bateko baserri guztien izenak ikus daitezken mapan kokatuta. Tokan aritzeko eremua ere atondu dute, eta eta sagarrondoak ere jarri dituzte inguruan.
Easoko Cum Jubilo abesbatza arduratu zen bereziki inaugurazio ekitaldiaz. Horrela, hainbat abesti eskaini zituzten kantariek: Festara, Txoriak txori, Kukuak kantatzen du… ondoren, Lantxabe auzo elkarteko Felix Perezek hartu zuen hitza, eta eskerrak eman zizkien gerturatutako guztiei, ez baitziren gutxi. Eneko Goia alkatea eta Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotzia ere bertan izan ziren, bizilagunekin batera momentuaz gozatzeko. «Esan dezagun hiriaren meritua dela plaza hau izatea. Garrantzitsua da zer ginen jakitea, zer garen hobeto ulertzeko», aipatu zuen Goiak.
Irekiera ekitaldian egon ziren Alkiza baserriko Maite Sorozabal eta Matxaineneko Marian Matxain, Aieteko bizilagunak. «Modu berriak ere onartu behar dira, eta pozik gabe», dio Sorozabalek. Baikorrago agertu zen Matxain: «Nik uste dut plaza oso polita geratu dela, zeren lehen baserria zegon oso gaizki. Orain beste tankera bat eman diote inguruari. Anbulatorioa ere egiteko asmoa dute, eta auzoa pixkanaka aldatzen ari da».
Estitxu Zabala