Azaroaren 27a arte egongo da ikusgai ‘Oroimena bizirik’ erakusketa Aiete kultur etxean.
‘Oroimena bizirik’ erakusketa, Aieteko kultur etxean (Argazkia: Agurtzane Altuna)
1936. urteko irailaren 13a data berezia izan da Euskal Herriko historian, eta baita Donostiakoan ere. Tropa frankistak hiria hartu eta 43 urteko errepresioa hasi zen eguna. 400 donostiar fusilatuak izan ziren frankismo garaian, eta herritarren ia erdiak alde egin zuen hiritik.
Donostiako udalak egun hura gogoratu du, 80. urteurrenean. Orduko udalbatza demokratikoa osatzen zuten agintariak, fusilatuak eta erbesteratuak izan dituzte gogoan.
Horretarako, arratsaldeko 19:30ean egingo dute ekitaldi nagusia. Hika antzerki taldeak Irailak 13: argia itzali ikuskizuna eskainiko du udalbatza aretoan. Frankisten zapalkuntza, herritarren bizi baldintzak, izua eta eskubideen urraketa islatuko dituzte antzezlan baten bitartez.
Hori baino lehen, ordea, Oroimena bizirik erakusketa inauguratu dute Aieteko kultur etxean. 1936ko gerrak hirian eta herritarren bizimoduan izan zuen eragina nabarmendu nahi dute erakusketa honen bitartez, eta lehen pertsonan egingo dute gainera.
Lau eremu ditu erakusketak. Lehenak Errepublika garaia erakusten du, eta frankismoak sortu zuen etena, kronologia eta datu orokorrak bildu dituzte.
Donostia ekarri dute bigarren eremura. 1936ko gerrak hirian eta herritarren artean izan zuen eragina erakutsi dute argazki eta idazkien bitartez. Errepublika garaiko ikastolak nola isilarazi zituzte; erretako euskarazko liburuak; Ondarretako kartzela; Frankoren egonaldiak Aieteko bere etxean; eta euren bizitza arriskuan jarriz egonaldi horiei aurre egiten zien herritarren pasadizoak.
Hirugarren eremu batean kultur berpizkundea erakusten dute. Ez Dok Amairu mugimendua; gerran hildako edo fusilatutako herritarren senitartekoen isiltasuna; historia liburuetan erakutsi ez zituzten egoerak; biktimen zerrenda itxi gabe bat ere jarri dute.
Eremu hau Ahotsa.eus atariarekin egindako bideo batekin osatu dute. Testigantza zuzenak jaso dituzte bertan; gerrako testigantza zuzenak.
Azken eremuan Egia, Justizia eta Erreparazio eskubideak zer diren azaltzen dira; horixe baita erakusketa honen helburu nagusia. Gerra ostean erakundeek beste alde batera begiratu zuten eta herritarrak eta hainbat elkarte arduratu ziren gertakari haiek biltzeaz. Material asko dago, eta material horixe bildu eta jarri dute ikusgai.
Bakeolak antolatu du erakusketa beste hainbat elkarterekin elkarlanean; azaroren 27a arte egongo da ikusgai.
Agurtzane Altuna