Sebastian Salaberria Nere soroko emaitzak
Zeruko Argia. 1965-X-3.
Donosti’ko Aiete bailaran eta Euskalerri guztian ain ezaguna dan Manuel Matxain jaunari, ongi merezi zuan omenaldi bat eskeñi zion, oraintxe dala urte batzuk, Aiete osoak.
Izan ere, Matxain ain degu gizon argia eta leiala eta bolari bezela onenetako bat Tokan ere, esan genezake maixutasuna berekin daukala.
Bertso berriak jartzen, berriz, iaioetan iaioenetako bat degu. Baditu makiña bat
jarriak, gatza eta piperra ugari duten oietakoak, eta konta ezin ainbat sari ere bai etxeratuak.
Jakiña, gu biok beti ain lagun alkar maiteak izanik, ezin ba gelditu bere omenaldi orretara joan gabe. Bertso auek eskeñi nizkion biotzez eta bazkal ondoan berari kantatu, Aiete’n Munto izena duan ostatu sonatuan:
1/ Bertsoan bidez astera noa,
Manuel, zerbait esaten,
zu lan askotan zerala ona
guziak jakin dezaten.
Birtute ori ez dute, Matxain,
munduan danak izaten,
maite zaituzten zure lagunak
ara zer pentsatu duten:
merezi dezun omenaldi bat
eskeintzea gaur Aiete’n.
2/ Oso gazterik egiña ziñan
pelotariekin lagun,
ontan ere zu ona ziñala
danok aitortu dezagun.
Oñak arin da begiak erne,
gerri ta besoak bigun,
esa n bearrik ez dago noski,
Matxain, zer egiten zendun:
sari politak irabazita
askotan irten txapeldun.
3/ Korrikarako ere etzendun
afizioaren paltik,
erbian gisa gora ta bera
ibiltzen ziñan gogotik.
Onenarekin parte artuta,
gaztea izanagatik,
maixuak utzi atzera eta
askotan Matxain aurretik,
lendabiziko sari ederren
jabe egiteagatik.
4/ Lagun zar Matxain, gogozko dezu
bolatokita joatea,
zeure denboran izango dezu
millaka brilla botea.
Bein baña geiagotan arturik
onen danekin partea,
entzun dedanez gertatu zaizu
marka onak egitea,
ta uste gabe lendabiziko
saria eramatea.
5/ Errerotzako lantegi ori
Matxain’entzat erosua,
burnia jotzen asten danean
aterazten dio sua.
Ontan ere zu amaika txalo
ta sari eder jasua,
makiña batek artuko luke,
Manuel, zure besua,
ezin ukatu zu zaitugula
tokalarien maixua.
6/ Esan bezela, zuk lan askotan
daukazu erreztasuna,
bertsoak jartzen ere, Manuel,
zera ondo dakizuna.
Nere ustetan merezi dezu
gaur emen egin zaizuna,
ta zure lagun Sebastianek
auxe da opa dizuna:
pake gozoan urte askoko
bizia ta osasuna.