(Aracataca, Magdalena, 1927ko martxoaren 6a – Mexiko Hiria, Mexiko, 2014ko apirilaren 17a) kolonbiar idazle eta kazetaria zen.
Latinoamerikako idazlerik famatuenetarikoa izan zen munduan, «errealismo magikoa» estiloaren sortzailerik ezagunenetarikoa. 1967an argitaratu zuen «Cien años de soledad», bere libururik ezagunena, baina bere bizitzan zehar lan mordo bat idatzi du munduan zehar oso irakurriak izan direnak. 1970ean «persona non-grata» izendatu zuten Kolonbian, orduko presidente militarrak hala erabakita idazlearen aktibismo politikoa zela eta. 1982an Literaturako Nobel Saria jaso zuen.
Bizitza eta obra
Gaztetan kazetaritzan aritu zen Frantzian, Mexikon eta Espainian. La Barranquillako (Kolonbia) intelektualen taldearekin harremanak izan zituen eta zinema ikasketak egin zituen Italian.
1953tik aurrera La Barranquillako El Nacional egunkarian hasi zen idazten. 1955ean argitaratu zuen lehenengo eleberria: La hojarasca (Orbela); bertan Faulknerren eraginpean, gerora oinarri izan zuen literatura mundua eraiki zuen. Han agertzen dira ondorengo eleberrietan eta kontakizun laburretan (1961, El coronel no tiene quien le escriba eta Los funerales de la Mamá Grande, 1962) azaltzen diren pertsonaiak eta giroak, eta tartean Macondo, García Márquezek sortutako alegiazko herria.
Ordu arteko gaiek osotasun arnas handiko bat hartu zuten 1967an Cien años de soledad eleberria argitaratu zuenean; bertan egunerokoa eta logika bezain erreala da egiantzik ez duena eta magikotasuna (horixe da errealismo magikoa deitu izan dena). Bestalde, garai hartako literaturan erabateko eragina izan zuen liburu horri ahozko tradizioaren kutsu handia antzematen zaio.
1975ean El otoño del patriarca idatzi zuen, diktadore elezaharreko baten historia era zehatz batean kontatua.
1981ean Crónica de una muerte anunciada (Heriotz iragarritako baten kronika, Xalbador Garmendiak itzulia) kaleratu zen.
García Márquezen beste lan batzuk: El amor en los tiempos del cólera (1987), El General en su laberinto (1989, Jenerala bere laberintoan, Xabier Mendigurenek itzulia), Doce cuentos peregrinos (Hamabi ipuin xelebre, 1992).
1982an Literaturako Nobel saria jaso zuen.
Euskaraz[
1990 – Jenerala bere laberintoan (El general en su laberinto). Elkar argitaletxea. Itzultzailea: Xabier Mendiguren.
1992 – Koronelari ez dio inork idazten (El coronel no tiene quien le escriba). Ibaizabal argitaletxea. Itzultzailea: Tomás Sarasola.
1998 – Naufrago baten kontakizuna (Relato de un náufrago). Ekain argitaletxea. Itzultzailea: Eneko Barrutia Etxebarria.