Datorren ostiralean, hilak 11, 19.00tan, Aieteko Kultur-Etxean

Datorren ostiralean, azaroaren 11an , Aieteko Kultur-Etxean, Pedro Berriochoak Aiete: caseríos, casas y familias liburua aurkeztuko du.

PEDRO

Arratsaldeko zazpietan izango da. Jakin-mina dago, auzoan Pedro ezaguna delako, eta etortzen den bakoitzean Kultur-Etxeko aretoa betetzen delako.

Alegia, 2014ko urriaren 4an, Lantxabeko literatura-zikloari lotutako Lehen Mundu Gerra izeneko hitzaldia eman zuen. Hilabete batzuk lehenago, maiatzaren 14an, hain zuzen ere, “Como un jardín. El caserío guipuzcoano entre los siglos XIX y XX” liburua eta izen bereko tesiaren aurkezpena egin zuen.

Aiete: caseríos, casas y familias liburu horretan, Berriochoak Aieteko historiaren alderdi tradizionala jorratzen du. Auzoa ez zenetik poliki-poliki izatera pasa den arte. Prozesu hori gauzatzen joan den neurrian, auzoko bizilagunek aurkitu izan dute bestelako bizitza bat egon zela euren etxe, errepide eta bizitokien azpian. Gaur egungo leku eta kaleei ematen dieten izenak, garai bateko baserrienak dira eta Aieten iraganeko nekazari-bizitza aberatsa izan zela erakusten dute. Baserriari lotutako izaera hark nolabaiteko edertasuna eta nostalgia ekartzen digu gogora.

Pertsona haietako asko, baserritarrak izandakoak, gure artean daude, eta eurek ere denok dauzkagun bizitza eta zerbitzuak hobetzeko gogoak dituzte. Auzo eroso bat nahi dute, bai beraientzat eta baita seme-alaba eta bilobentzat ere.

Pedro Berriochoak Aieteko intrahistoria, batez ere gizakien kondaira, azaltzeko asmoa izan du. Lanean auzotar askok lagundu diote, eta aipatzekotan, bi azpimarratuko genituzke: Begoña Egurrola eta Mari Carmen Illarreta.

Pedroren liburuan Errotaberri, Azkaratene, Mamistegi, Pagola Gain, Gure Pakea, Indiano, Etxe Luze, Miramon, Intxaurdegi, Benta Txiki, Agustindegi, Isturin, Beliz, Morlans, Gantxegi, Munto, Matxainene, Borroto, Errondo Berri, Etxetxiki, Katxola, Bera Bera, Gure Pakea, Melodi, Lazkano, Alkiza, Guarnizo, Merkezabal, Puio, Otxanda, Olabene/Mamelena, Etxadi, Orta Haundi, Arostegi Txiki, Santa Teresa, Txanpuene, Antonienea eta abarren nekazari eta bizilagunen historiak eta istorioak ezagutuko ditugu.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio