Maritxu nora zoaz eder galant hori?

LIDE FERREIRA

Urtez urte, mendez mende emakumeek jasan duten indarkeriaren kontaketa egingo dute gaur iluntzean Parte Zaharrean. 1813. urtean hasi eta gaur egungo neska baten kasua arteko testigantzek osatuko dute kontaketa.

Dotore ageri da Maritxu otarra buru gainean duela, Abuztuaren 31 kaleko iturrira bidean. “Maritxu nora zoaz, eder galant hori?”,- eta eskua gona azpira! Inork ez al dio erakutsi Bartolori atea jotzen!

Emakumeen aurkako indarkeria bistarazi, arbuiatu, salatu, oihukatu eta gogoratzeko eguna da gaurkoa. Emakume adina indarkeria mota dago munduan; guztiak salagarriak.

Urtez urte, mendez mende jasan du emakumeak zapalkuntza, emakume izate hutsagatik. Ibilbide luze luze horretan abiapuntu bat jarri behar, eta 1813. urtean jarriko dute kontakizunaren lehen bozgorailua oraingoan.

Donostiako Ernai taldeak euskal emakumeek jasandako indarkeriaren kronologia bat egingo du gaur iluntzean Parte Zaharrean, Maritxu, 1813ko emakume donostiarraren, eskulturaren aurrean.

Testigantza errealetan oinarrituko dute kontaketa. Hiria suntsitu zuten urtean hasiko dira. Izan ere, emakume donostiarrak izan ziren guda garaian indarkeria handiena jasan zutenak. Beren buruaz beste egin ez zuten haiek salbu, izutuak, mehatxatuak, zapalduak, torturatuak eta bortxatuak izan ziren guztiak; zahar eta gazte, neskato eta amona.

Ez zuten, ordea, amore eman, eta gerra garaian seme-alaben sostengu izan ziren; administrari, igeltsero, erizain eta gudari bihurtu ziren. Hiria berreraikitzeko lehen adreilua emakumeek jarri zuten Donostian. Horregatik, hiria berreraikitzeagatik eta erakutsitako ausardiagatik garai hartako herritarrak omentzeko sortu zuten eskulturari emakume itxura eman zioten; Maritxurena.

Lersundi plazako iturriaren parean dago Maritxu. 1813ko edozein emakume donostiar izan daiteke, baina Maritxu da. Adreiluz beteriko saskia darama buru gainean. Birsortzeko indarra irudikatzen duten adreiluak. Gurutze bat ere badarama, ordea, bizkar gainean, baina hori ez da ikusten, ez da atzematen.

Halaxe gertatzen da gaur egungo hainbat eta hainbat emakumerekin ere. Euren indarra agerikoa da, baina ez soinean daramaten gurutzearen zama; indarkeriaren zama.

Ia ikusezin bilakatu arte makillatu nahi duten indarkeria hori erakusteko eguna da gaurkoa. Kontaketari puntua jartzeko eguna.

Neska gazte batek hartuko du puntua jartzeko ardura hori. Izan ere, 1813an abiatutako kontakizuna gaur egungo edozein gazte izan daitekeen neskatxa batek amaituko du Maritxuren parean. Nahikoa dela aldarrikatuko du, inork ez duela emakumeak iraindu, erasotu, bortxatu, mehatxatu edo maneiatzeko eskubiderik aldarrikatuko du ozen. Indarkeriaren itzala argitzeko garaia da.

Iluntzeko 20:30ean,-manifestazioaren ondoren-, egingo dute ekitaldia. Lore eskaintza egingo diote Maritxuk biltzen dituen emakume guztiei, eta ondoren agur herrikoia dantzatuko dute.

Horma irudi bat ere margotuko dute eskulturaren inguruan. Testigantzak eta isilean botatzen diren amorru oihuak irudikatuko dituzte. Borrokaren gorria, ubelduren morea, oinazearen beltza…, asko dira indarkeria zantzuak, asko dira koloreak. Bakarra Maritxuk erakusten duena, otarrean daramana, begiradak islatzen duena. Gerturatu eta norberak atzeman dezala.

Agurtzane Altuna

Aza 25, 2016

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio