Aieteko Bola Txapelketa egingo dute bihar, Jolastokiko bolatokian. Manuel Matxain auzotarra omentzeko jardueren baitan antolatu dute Lantxabe auzo elkarteak, Aieteko Kirol elkarteak eta Gipuzkoako Bola Federazioak. Goizeko 11:00etan zabalduko dute izen-ematea, eta ordubete beranduago hasiko da txapelketa. Federatuek jokatuko dute lehenik, eta jarraian gainontzeko partaideek.
Bola txapelketarekin batera, toka lehiaketa ere egingo dute, eta 13:00etan sariak banatuko dituzte. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute.
30 urtez erabili gabe egon ondoren, 2015ean inaguratu zuten Jolastokiko bolatokia, udalari berritzeko eskatu ondoren. Lantxabe elkarteak Gipuzkoako Bola Federazioarekin elkarlanean egokitu eta prestatu zuen eremua, eta udalaren diru laguntzarekin berritu zuten.
Jolastoki osoa estaltzea da auzo elkartearen hurrengo erronka. Horretarako, eskutitza bidali diote Martin Ibabe Kirol zinegotziari. Laster bilduko dira berarekin. Jolastokia estaltzeko eskaria aspalditik dator, eta eguraldi txarrari aurre egiteko ezinbestekoa dela uste dute auzo elkartetik.
Aurrera begira, auzoko gazteak bolatan aritzea animatu nahi dituzte, eta hori sustatzeko eskolak eskainiko dituzte bolatokian.